Hanburgesa Festa izango da larunbatean Azoka Plazan, 18:00etatik aurrera. Aurreko urteetan bezala, hanburgesaren bueltan bi lehiaketa jokatuko dituzte, Azpeitiko Udalak, Ederto-Harakel Gipuzkoako Harakinen Elkarteak eta Dendartean Gipuzkoako merkataritza bilkurak antolatuta. Lehiaketez gainera, hanburgesak dastatzeko aukera izango dute herritarrek, taberna zerbitzua eskainiko baitute Izarraitz igeri elkartekoek. Gainera, Larreta etxeko izozkiak eta jogurtak eskainiko dituzte postrerako. Horrez gain, lehiaketetako sariak banatu ondoren, eta festa borobiltzeko, 80ko hamarkadako musikaz gozatu ahal izango dute Azoka Plazara joaten direnek.
Aurten ere bi lehiaketa jokatuko dituzte festaren bueltan. Batetik, 5. Gipuzkoako Hanburgesa Haragi Lehiaketa jokatuko dute, eta momentuz bertan parte hartzeko hemeretzi harategik eman dute izena. Horrez gainera, Azpeitiko 2. Hanburgesa Osatu Lehiaketa egingo dute, herriko tabernei eta jatetxeei zuzenduta. Lehiaketan horretarako herriko zortzi tabernak edota jatetxek eman dute izena. Honako hauek dira horiek: Aisialdi, Ertz, Korrale, Main, Mendizabal, Mendizaliek, Pastorkua eta Sanagustin kulturgunea.
Hanburgesa haragi lehiaketan parte hartu nahi dutenek izena emateko epea gaur, maiatzak 19, bukatuko da. Interesatuek ederto@ederto.com helbide elektronikora mezua idatzi edota 943-86 53 52 eta 671 64 34 88 telefono zenbakietara deitu beharko dute.
Bi lehiaketetako irabazleak zeintzuk diren Hanburgesa Festaren egunean bertan jakinaraziko dute, eta Azoka Plazan banatuko dituzte sariak. Herriko lehiaketa irabazten duen tabernak edo jatetxeak txapelketara aurkeztutako hanburgesa ohiko eskaintzan sartuko du datozen asteetan, eta beraz, herritarrek hori dastatzeko aukera izango dute.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, herritar guztientzako "gastronomia esperientzia" eskainiko du Azpeitiko Hanburgesa Festak, eta herritar oro animatu dute festan parte hartzera.