Arguedasko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte Feministen Sareak eta Itaiak

Nerea Uranga 2026ko maiatzaren 19a

Hainbat lagun Basauriko hilketa matxista salatzeko Itaiak deitutako elkarretaratzean, apirilean. (Urola Erdiko Itaia)

Gizon batek emaztea hil du Arguedasen, eta guardia zibilek gizona atxilotu zuten atzo, hilketa egotzita. Hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte gaur arratsalderako, plazan: 18:30ean egingo du kontzentrazioa Feministen Sareak, eta 19:00etan, berriz, Urola Erdiko Itaiak.

Atzo emakume bat hilda aurkitu zuten bere senitartekoek Arguedasen (Nafarroa), eta guardia zibilek emakumearen senarra atxilotu zuten atzo bertan, andrea hiltzea leporatuta. Biktimak 44 urte zituen, eta atxilotutako gizonak 43 urte ditu.

Hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte Azpeitiko Feministen Sareak eta Urola Erdiko Itaiak. Bi kontzentrazioak plazan izango dira, 18:30ean eta 19:00etan, hurrenez hurren. Eraso matxistarik ez! Aski da! lelopean egingo du kontzentrazioa Feministen Sareak, eta Indarkeria matxistari aurre egin! lelopean, berriz, Itaiak. 

Itaiak "babesa eta elkartasuna" adierazi die Arguedasen hildako emakumearen ingurukoei, aski dela esatearekin batera, eta indarkeria matxistarekin bukatzeko borroka eta antolakuntza indartu beharra aldarrikatu ditu.

Udalak bat egin du

Azpeitiko Udalak bat egin du Feministen Sareak arratsalderako deitutako elkarretaratzearekin, eta erakundeak elkartasuna adierazi die hildakoen senideei eta gertukoei. Udalak gogorarazi duenez, lau hilketa matxista erregistratu dituzte 2026an Euskal Herrian. Halaber, jakinarazi du 137 hilketa matxista izan direla 2003tik Euskal Herrian, eta esan du ez duela onartuko inolako giza eskubideen urraketarik, ez Azpeitian, ez beste inon. Halaber, urraketen aurrean, modu aktiboan jokatzea herritarren ardura ere badela gogorarazi du erakundeak.

Emakumeen aurkako indarkeria "egiturazko arazoa" dela esan du, emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituena. "Indarkeria hori ez da ekintza bakartuen edota azalpenik gabeko gertakarien emaitza. Aitzitik, generoen gaineko aurreiritziak, gizartean aski errotuta dauden horiek dira, hain zuzen, halako ondorio larrien eta tamalgarrien sortzaile". Hilketa matxista emakumeen aurkako indarkeriaren muturreko espresioa dela gogorarazi du erakundeak, eta erasoei aurre egiteko gizonen eta emakumeen arteko berdintasun balioak sustatzea ezinbestekoa dela erantsi.

Udalak adierazi du gainerako erakunde publikoekin batera lanean jarraituko duela, "erdintasunaren oinarriak auzitan jartzen dituen arazo sozial larriari" irtenbidea eman behar zaiolako. Era berean, esan du eraso oro gaitzestea, indarkeriari aurre egiten dioten emakumeei babesa ematea, prebentzio eta sentsibilizazio lanean jarraitzea eta baliabideak bideratu behar direla.

Eraso matxisten aurrean zenbaki hauetakoren batera deitu dezakete herritarrek:

Gizarte Zerbitzuak: 943-15 71 92.
Udaltzaingoa: 092 edo 943-15 13 13.
Emakumeen Txokoa: 688 75 10 00.
Ertzaintza: 112.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide