Erretratua

Xabier Iturralde: "Erabileraren arabera, adimen artifizial sortzailea onuragarria ala arriskutsua izan daiteke"

Anitz Urkizu 2026ko ekainaren 22a

Xabier Iturralderen erretratua. (Olatz Alkorta)

Adimen artifizial sortzaileak hezkuntzara dakarren eraldaketa ikertzen ari da buru-belarri Xabier Iturralde azpeitiarra. Euskal Herrian jardun du eta orain, ikerketari nazioarteko dimentsioa emateko asmoz, Norvegian jarraituko du sakontzen. Ofizioa hori du, baina afizioa, errekortari jardutea; txapel bat baino gehiago ere irabazita ditu. Berea da Erretratua maiatzeko Azpeitia Guka aldizkarian.

Gaur egungo zarata digitalaren erdian, azken urteotan hezkuntzaren bihotzera sartu den fenomeno bati begira jarri da Xabier Iturralde (Azpeitia, 2000): adimen artifizial (AA) sortzailea. Doktore tesiaren bidez, fenomeno horren ertzak ukitu nahi ditu, azaleko diskurtsoetatik haratago, benetan zer gertatzen ari den ulertzeko asmoz. Bere ikerketa Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara mugatzen bada ere, egonaldi akademikoa egitera doa Norvegiako Slate ikerketa zentrora, bere ikerketari nazioarteko dimentsioa emateko. Bidean, galdera handi bat darama motxilan: nola bizi dugu, eta nola biziko dugu, teknologia horrek hezkuntzara dakarren astindua?

Lanbidez da irakaslea eta ikerlaria Iturralde, baina hedabideetan bere zaletasunari esker irabazitako txapelengatik atera izan da; izan ere, errekortari jardutea du zaletasunetako bat.

2022ko azaroan ChatGPT bezalako tresnek izandako zabalkundeak mugarri bat jarri zuen, eta ordutik aurrera abiadura bizian hedatu da adimen artifizial sortzailearen presentzia. Hala ere, Iturraldek ñabardura bat egin du: "Adimen artifiziala aspaldikoa da, baina hezkuntzan eta, oro har, gizartean benetako iraultza berria eragin duena sorkuntza gaitasuna izan da". Haren ustez, kontzeptuak nahasteak berak erakusten du oraindik ere ezjakintasun handia dagoela gaiaren bueltan.

Egiten ari den tesiak, hain zuzen, ezjakintasun horren erdian kokatzen ditu galderak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) irakasleen jarrerak aztertzen ari da, zer onura eta zer mehatxu hautematen dituzten, eta zein faktorek baldintzatzen duten teknologia horren integrazioa. Hiru ardatz nagusi ditu: jarrerak, onurak eta mehatxuak. Eta horiei beste bost aldagai gehitu dizkie: erabilerraztasuna, erabilgarritasuna, konfiantza, arriskua eta TPACK eredua, gaitasun pedagogikoak, diziplina arlokoak eta teknologikoak uztartzen dituena.

Ikerketaren lehen emaitzek norabide interesgarria erakusten dutela dio: "Irakasleek ikusten dute potentzial handia duela, baina aldi berean, beldur handiak dituzte". Beldur horien atzean, hein handi batean, ezjakintasuna dagoela dio; ez dakite zer den, nola funtzionatzen duen edota zer egin dezakeen. "Galdera jada ez da adimen artifizial sortzailea bai ala ez, dagoeneko hemen baitago. Orain galdera 'nola?' da".

Xabier Iturralde. (Utzitakoa)

Ikasgeletan, gainera, fenomenoa ez da isolatua. Ikasleek erabiltzen dute, irakasleek ere bai, eta gurasoek askotan ez dakite nola kudeatu. Horrek erronka "konplexua" sortzen du, eta horren aurrean, batzuek debekua planteatzen dute, baina Iturralde ez dator bat: "Debekua adabaki bat da, ez da konponbidea, eta gainera, desberdintasunak handitzeko arriskua du". Izan ere, hezkuntza sistematik kanpo uzten bada, baliabide gehiago dituztenek soilik izango lukete teknologia berrien heziketarako sarbidea eta gidaritza.

Ikastetxeak dira heziketarako gunerik "indartsuenak", Iturralderen arabera, eta horiek baliatu beharrean, desgaitu egin daitezke debekuaren bidez. Horren ordez, beste modu bat proposatu du: ulermena, formazioa eta erabilera kritikoa. "Kontua ez da debekatzea, heztea baizik". Ezin da, ordea, ardura guztia irakasleengan jarri, auzia berria izanik horiek ere formakuntza behar baitute lehenbizi, beste inori irakasten hasi aurretik.

Dioenez, "aukera handiak" eskaintzen dituen tresna da AA sortzailea. Irakasleen eguneroko lana arintzeko balio dezake, zuzenketa automatikoetarako edo materialak sortzeko. Ikasleentzat ere lagungarria izan daiteke, zalantzak argitzeko edo ikaskuntza pertsonalizatzeko. "Ikasle bakoitza mundu bat da, eta tresna honek badu gaitasuna bakoitzaren erritmo eta beharretara egokitzeko", gaineratu du. Baina, aldi berean, arriskuak ere handiak dira: "Etika, pribatutasuna, integritate akademikoa… hori dena dago jokoan". Are gehiago, ohartarazi du tresna horiek ez direla neutroak; sareko informazioan oinarritzen dira, eta, beraz, gizartearen isla dira. "Ispilu bat dira; gizartean dauden joerak errepikatzen dituzte". Horregatik, ezinbestekoa ikusten du pentsamendu kritikoa lantzea, ikasleen nahiz irakasleen artean. "Alfabetatzea da gakoa: ulertzea zer erabiltzen ari garen eta nola".

Hezkuntza sistemari dagokionez, Iturraldek ez du zalantzarik: adimen artifizial sortzailearen etorrerak biluztu egin du sistema. "Hanka-motz geunden, eta honek agerian utzi du hori". Ebaluazio eredutik hasi eta metodologietaraino, dena eraldatzera etorri da AA sortzailea. "Ikasleei eskatzen zaien eginkizuna makina batek egin badezake, zerbait gaizki egiten ari gara".

Irakasleen jarduera ere erabat aldatuko du auzi honek, joko arau oso ezberdina baitakar hezkuntzari dagokionez. Hala ere, aukera gisa ikusten du azpeitiarrak tresna berria: "Agian eskertu ere egin behar diogu, hein batean", dio irribarre erdi batekin, "krisiak eraldaketarako atea irekitzen baitu askotan".

Iturralde, aurkezpen batean. (Utzitakoa)

Bere ikerketak, gainera, dimentsio kolektiboa azpimarratzen du; ez da irakasleen kontua bakarrik, ezta ikasleena edo instituzioena ere: "Ikuspegi holistikoa behar da. Legeek arauak ezartzen dituzte, gidek orientazioa, ikastetxeek erabakiak eta irakasleek formakuntza. Kate osoa lotu behar da, eta bakoitzak bere ardura hartu", azpimarratu du.

Momentuz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 350 irakasleren erantzunak jaso ditu, eta oinarri sendoa du azterketarako: "Irakasleei entzun behar diegu, haiek dira egunero honekin borrokan ari direnak; beharrak identifikatu eta horiei erantzun behar zaie". Baina badaki bidea luzea dela oraindik; epe laburrean pausoak eman daitezke, baina arazoari erantzun osoa ematea ez da erraza izango. "Abiadura bizian doa hau guztia, eta horrek behartzen gaitu gaia seriotasunez hartzera".

Beraz, Iturralderentzat gakoa ez da adimen artifiziala debekatzea, heziketa baizik; ikasleengan pentsamendu kritikoa garatzea, alfabetatzea eta haiek konpetente izatea. "Gure erabileraren arabera, adimen artifizial sortzailea oso onuragarria edo erabat arriskutsua izan daiteke".

"Jende askok munstro baten aurrean gaudela sentitzen du, eta bai, hein batean, hala da. Baina AA sortzailea benetan egokitasunez ezagutzen badugu, agian ikusiko dugu ez dela munstro gaizto bat, gure alde erabili dezakegun zerbait baizik". Hor, ezagutza eta beldurraren arteko muga horretan, kokatzen da Iturralderen lana; eta, neurri batean, baita pertsonen etorkizuna ere.

Motzean

  • Adina: 25 urte.
  • Ikasketak: Lehen Hezkuntzako gradua Gorputz Hezkuntzako aipamenarekin, Berrikuntza masterra eta doktore tesia.
  • Lanbidea: irakaslea eta prestakuntzako ikerlaria.
  • Irakaslea ez banintz... eraikuntzan edo metaleko sektorean jardungo nuke.
  • Irakaskuntzatik kanpo gogoko dut... natura, animaliak eta jendearekin egotea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide