Kanpoko igerilekuaren berdegunea handitzeko lanak hasiko dituzte datorren astean

Julene Frantzesena 2026ko maiatzaren 19a

Igerilekuaren kanpoaldean den belardi zatia erantsiko diote gaur egungo berdeguneari. (Aitziber Arzallus)

EAJk ohar bidez eman zuen atzo obra horren berri, eta adierazi zuen duela bi urte egin zuela berdegunea zabaltzeko proposamena. Udalak gaur eman ditu lanen gaineko xehetasunak: datorren astean hasiko dituzte lanak, kantina kenduko dute eta aldagelen atzeko eremuan egingo dituzte berdegunea handitzeko lanak.

"Azpeitiko EAJ pozik agertu da udalak igerilekuaren eremua handitzeko lanak hastear daudela iragarri duelako". Hala dio Azpeitiko EAJk atzo hedabideetara bidali zuen oharrean. EAJk Gukari azaldutakoaren arabera, Hirigintza batzordearen bilkura batean onartu zuten kanpoko igerilekuaren berdegunea handitzeko obra egitea, baina gaur arte ez du horren berri eman udalak.

Hain zuzen ere, gaur arratsaldean bidali du udal gobernuak obra horren xehetasunak emateko oharra, eta lanen inguruko azalpenak eman ditu. Zehaztu du kanpoko igerilekua zabalik izango den denboraldiaren zati handi batean –ekainaren 1ean irekiko dute– berdegune zabalagoaz gozatu ahal izango dutela herritarrek. Izan ere, kantina kendu egingo dute eta aldagelen nahiz komunen atzeko eremua baliatuko dute berdegunea handitzeko.

Udalak 75.000 euro bideratuko ditu obra horretara, eta Art enpresa datorren astean bertan hasiko da lanekin. Kanpoko igerilekuaren eremuan dauden komunak bere horretan utziko dituzte, baina kantina kentzeko erabakia hartu dute: "Azken urteotan behin baino gehiagotan geratu da kantinaren zerbitzuaren lizitazioa hutsik. Kantina itxita egonda, alferrik galtzen da horrek hartzen duen espazioa, eta egokiagoa iruditu zaigu kentzea eta berdegunea handitzeko erabiltzea", azaldu du Joanes Amenabar Hirigintza zinegotziak.

Gainera, zuhaixkekin babestu beharrean, hesi bidez itxiko dute eremua, batez ere, "metro batzuk irabazteko". Era berean, ate bat jarriko dute berdegunearen zati horretan, mantenurako makinak eremura sartu ahal izateko.

Datorren astean ekingo diete lanei, eta igerilekuaren barrualdetik jardungo dute horretan; gero hasiko dira kanpoko lanekin. Udalak zehaztu duenez, lanen eremua hesituta egongo bada ere, komunak eta aldagelak erabiltzeko ez da eragozpenik izango, eta kanpoko igerilekuko gainerako azpiegitura guztia ere erabilgarri izango da.

"Benetako beharra"

EAJren esanetan, obra horrek "benetako behar bati" erantzuten dio. Izan ere, talde jeltzaleak uste du igerilekuaren espazioa aspaldi gelditu zela txiki. Gainera, zehaztu du 2024ko aurrekontuetan proposatu zuela EAJren udal taldeak gune hori handitzea, baina orduko hartan udal gobernuak "ezinezkoa zela" argudiatu zuela esan du. "Horrek erakusten du orduan landu izan balitz, gaur egun kanpoko igerilekuaren espazioa handiagoa izango litzatekeela", adierazi du EAJk.

Jokin Badiola zinegotzi jeltzaleak azaldu duenez, udal gobernuak "oztopoak" aurkitzen ditu ekimena EAJrena denean. "Gure proposamena serioa eta planifikatua zen; atzerapenak eragotzi egin du herritarrek espazio zabalagoaz eta erosoagoaz lehenago gozatzea". Halaber, igerilekuaren eremua handitzeak herriko kirol zerbitzuen kalitatea hobetzen lagunduko duelakoan dago EAJ, eta udal kudeaketan planifikazioak eta ekintza arduratsuak duten garrantziaz ohartarazi du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide