Jon Gurrutxaga: "Gauden aldia bera izanda ere, esperantzari kantatu diogu"

Ihintza Elustondo 2026ko maiatzaren 20a

Jon Gurrutxaga, Desgaraian taldeko abeslaria. (Maialen Etxaniz)

Desgaraian taldeak Izan litekeen guztia diskoa ondu du, eta Azpeitiko Gaztetxean aurkeztuko du ostiralean, 22:30ean. Sarrerak egunean bertan salduko dituzte. Jon Gurrutxaga (Azpeitia, 1996) abeslariak lan berriaz hitz egin du.

Desgaraian taldeak Gauden aldian diskoa kaleratu zuen duela hiru urte, eta orain bigarren lana kaleratu du: Izan litekeen guztia. Lehen bizi zineten aldiari begira jarri zineten, eta orain etorkizunari. Zer da izan litekeen hori?

Uste dut bilakaera bat ikusten dela. Gauden aldian-ek erreferentzia egiten zion pandemia garaiko iluntasunari; kezkak, gerra egoera, krisi klimatikoa... ziren orduko osagaiak. Lehen diskoan aldi hari egin genion erreferentzia, desgarai hari. Egoera tamalgarri horiek izaten segitzen dute, eta asko areagotu egin dira, gainera: genozidio bat bizi dugu begien aurrean... Gauden aldia bera izanda ere, Izan litekeen guztia lan argitsuagoa da, esperantzari nahi diogulako kantatu. Perspektiba aldatu dugu. 

Mailu kolpeka izeneko abestian, diskoaren izenburuari erreferentzia egin diozue: "Ezinezkoa, imajinatu dut orain izan zitekeen guztia… Ezinezkoa, imajinatzen dugu orain izan litekeen guztia... Ezinezkoa ezin zaio deitu orain".

Intentzio garbia dago abesti horretan, hitzen bilakaera hori da nolabait izenburura eraman duguna. Abestia hasten da burumakur bezala, izan zitekeen guztiari arreta jarriz. Eta horrek bilakaera bat dauka izan litekeenera; beraz, ezinezkoa ezin zaio deitu, izan litekeena baita. Kantu horrek jasotzen du ondoen lan osoaren intentzioa. 

Taldekideak betikoak zarete, baina zenbait kolaboratzaileren laguntza ere izan duzue.

Kolaborazioa ia-ia ari da bihurtzen gauza behartu bat. Askotan ematen du marketin elementu bat dela, eta horrek naturalki jaio behar du. Kolaborazioen alde gaude, guretzat erreferente diren abeslariekin egin izan ditugu; eta kasu honetan, abeslariekin ez, baina arlo instrumentalean egin ditugu. Kantu batean, ikusi genuen saxofoi bat ondo etorriko litzaigukeela, eta Ekain [Alzola] taldekidearen aita [Javi Alzola] saxofonista denez, hari esan diogu parte hartzeko. Gainera, gure lagun bat perkusionista da [Jon Fresco], eta hark ere kolaboratu du gurekin. Kantuari mesede egingo dioten kolaborazioak bilatu ditugu, ez gara kantua ezagunago egiteko abeslarien bila joan.

Hitzen kasuan ere, jo duzue kolaboraziora. 

Abesti bat sortzerakoan, Aitor Bizkarraren bertso sorta bat hartu –Portuak eta aingurak– eta hango ideia batzuk moldatu nituen. Zarauzko Basarri lehiaketa irabazi zuen hark bertso sorta horrekin, eta beti esaten nion zerbait egin beharra zegoela horrekin, bertso zoragarriak direlako; bestela, bertso sortak, tamalez, tiraderan gordeta gelditzen dira askotan. Nolabait, aitortza bat egin nahi izan nion sorta horri. Zenbait gauza azaltzeko zailak egiten zaizkit niri, eta miresten dudan norbaitek horretan asmatu duela iruditzen bazait, batzuetan haren hitzak nigan integratzen ditut. Askotan, norberari iruditzen zaio errepikatu egiten dituela ideiak, eta horrela, beste baten hitzak erabiltzeak ematen du argi kolpe bat. Asko jo izan dut ingurukoen hitzetara horregatik. 

Benito Lertxundiren abesti bat ere bertsionatu duzue. 

Fernando Pessoa poeta portugaldarraren poema bat euskarara ekarri zuen Benito Lertxundik eta Kaixo ardizain abestia sortu zuen. Lehen kontzertua eman genuenetik, emanaldi guztietan abestu dugu kantu horren bertsioa, eta erabaki genuen grabatzea, inguruak hala eskatu digulako. 

Pop estiloko musika egiten duzue, goxoa.

Kasu honetan ere, hala egin dugu. Lehen lana baino soilagoa da bigarrena, baina ez zentzu negatiboan. Ez da sinplistagoa, baizik eta uste dut bai hitzetan, bai instrumentazioan, joan garela kantuaren bila. Askotan, agian, apainduran erortzeko joera dago, eta, oraingo honetan, kantuak behar duen horren bila joan gara. Agian, soilagoa da diskoa, baina soiltasun hori bilatu egin dugu.

Estiloz poparen eremuan gabiltza, eta oso gustura eta harro, gainera. Lehen, poperoa izateak lotsa ematen zuen, baina gaur egun mainstream-ean integratu diren eta punk nahiz punk-oi! estiloetatik eratorritako talde askok kantu poperoak egiten dituzte oinarrian, bakarrik ahots takarrarekin abesten dituztela. Popak popularra esan nahi du, eta denen belarrira ondo sartzen den musika atsegina da.

Abestu ez ezik, hitzak zuk sortzen dituzu. Esperantzari kantatu nahi izan diozu, baina zeri kantatu diozu?

Garai baten erretratua dira hitzak. Azken hiru urteetan idatzitakoak dira, eta beldurrak, kezka existentzialak... denetarik dago. Egoera pertsonala eta kolektiboak pertsonalean daukan eragina islatzen duten poemak dira. 

Pandemiaren garaian sortu zen Desgaraian; hortik dator taldearen izena. Pandemia sasoia joan zen, baina oraindik ere baliagarri al da izen hori?

Bai, noski, izen horrek oraindik zentzua izaten jarraitzen du. Izena gustura aldatuko nioke, motiborik balego. Oraingoz, diskoari aldatu diogu izena, ikuspegia aldatu dugu garaiarekiko, baina Desgaraian uste dut pertinentea dela oraindik izen bezala, erantzuten diolako guk musika ulertzeko daukagun moduari.  

Hiru urte hauetan ez duzue lan berririk kaleratu, baina Euskal Herri guztia hunkitu zuen abesti bat bai: Tapia eta Leturiaren Wafa-ren bertsioa. 

Uste dut jende askok horrekin ezagutu gaituela. Eta are gehiago: uste dut jendeak Wafa ezagutzen duela, baina oraindik Desgaraian ez duela ezagutzen. Azken batean, koiunturari erantzuteko egin zen bertsio bat izan zen, eta inguruan geneuzkan erreferente asko guri laguntzeko prest azaldu ziren. Kantuak hartu zuen dimentsio bat, ez dakit espero zitekeena, baina bai hartu zezakeena. Izan ere, garai hartan, oso hunkituta zegoen gizarte osoa, etsipen orokor bat zegoen, eta hunkidura kolektibo bat sortu zuen kantak. 

Arteak balio du horretarako, ezta?

Bai, bozgorailu bat izan zen. Ahanzturan zegoen kantua, jendeak ez zekizkien haren arrazoiak ere. Tapiak esan zigun batzuek erromerietan "wapa wapa" kantatzen zutela. Pentsa. Kantu horri eta Wafa Idrisen historiari justizia egin zaie. Uste dut egin dugun gauza duinenetako bat izan dela. 

Zarautzen egin zenuten disko berriaren lehen aurkezpen kontzertua. Bihar Gasteizen izango zarete, eta ostiralean Azpeitiko Gaztetxean (22:30). 

Ez nuke esango daukagunik publko oso zabala, baina bai oso publiko fidela. Diskoa argitaratu genuenetik astebetera eman genuen Zarauzko kontzertua, eta ikusleek abestiak kantatu egiten zituzten; hitzak bazekizkiten. Hori zuzenekoetan magia bilakatzen da. Ea zer harrera izaten duen lanak Azpeitian. Lehen kontzertua Azpeitiko Gaztetxean eman genuen, Gauden aldian han aurkeztu genuen, eta etzi hara itzuliko gara. Plaza berezia da niretzat; ni han sentitzen naiz etxean eta babestuta. Baina profeta ez da etxean profeta...

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide