Joxe Austin Arrieta idazle donostiarraren poemen irakurraldia antolatu dute biharko. 19:00etan hasita egingo dute, Dinamoa sormen gunean. Poesia, bertsoa eta kantua uztartuko dituen irakurraldia izango da biharkoa, Iñaki Elustondo saioaren antolatzaile taldekoak azaldu duenez.
Dinamoa sormen gunean egingo duten saioa antolatu izanaren nondik norakoen berri ere eman du Elustondok: "Iaz Joxe Austinek [Arrieta] bere obrari buruzko hitzaldia eman zuen Agurainen [Araba]. Orduko aurkezpena egiteko testuak-eta prestatzen lagundu nion, eta saio hura bukatutakoan, Joxe Austin, entzuleak eta ni zerbait gehiagoren egarritan bezala gelditu ginen, batez ere bere poesia modernoa ezin izan zelako behar bezala azaldu. Orduan pentsatu genuen beste saioren bat-edo antolatzea". Elustondoren arabera, Arrietak beti izan dio "fede handia-edo" Azpeitiak eman dituen "idazle onei" eta Azpeitiari: "Hark 'euskararen Silicon Valley' esaten dio Urolari, eta ilusioa zeukan Azpeitian aritzeko". Hori kontuan hartuta, Elustondo harremanetan jarri zen Apoa taldean-eta ibiltzen direnekin, Jose Luis Otamendirekin, hain zuzen ere. "Harrera beroa egin ziguten, eta era horretan hasi ginen Joxe Austin Arrietaren poesia irakurraldia kantua lagun antolatzen".
Bederatzi lagunek parte hartuko dute bihar poesia irakurraldia eta kantua uztartuko dituen saioan. Honakoak dira horiek: Ane Borda, Roberto Oñederra, Maitere Larrañaga, Joxe Austin Arrieta, Jose Luis Otamendi, Josu Albero, Xabier Euzkitze, Iñaki Iturain eta Iñaki Zabaleta. Horietako batzuek Arrietaren poemak irakurriko dituzte, eta besteek, idazleak egindako bertsoak kantatuko dituzte. "Horrez gainera, bideo batzuk eta audio batzuk ere jarriko ditugu", gaineratu du Elustondok.
Herritarrak gonbidatu dituzte biharko irakurraldira. "Nahiko saio trinkoa" izango dela aurreratu du antolatzaile taldeko kideak, eta berritasunetik ere izango duela. "Saioaren helburua da Arrietaren poesia modernoena eskaintzea, eta horren barruan, badaude bi poema argitaratu gabeak direnak", adierazi du. Gainera, saioaren aurretik eta ondoren, Arrietak trikiti erritmoarekin osatutako hiru abesti jarriko dituzte entzungai, "girotze lana" egiteko, saiora biltzen den jendeak hitz egiteko eta nahi dutena komentatzeko.