43 urteko gizon batek 44 urteko emaztea hil zuen asteburuan Arguedasen (Nafarroa), eta gizona atzo joan zen Guardia Zibilaren Valtierrako kuartelera emaztea hil zuela, eta haren hilotza etxean zegoela esanez. Hilketa matxista gaitzesteko gaur arratsaldean bi elkarretaratze egin dira Azpeitiko plazan: 18:30ean Feministen Sareak deituta eta 19:00etan Urola Erdiko Itaiak deituta.
Feministen Sareak salatu du indarkeria matxistaren datuek "errealitate gordin eta jasanezina" erakusten dutela, eta indarkeria horrek etenik ez izatea ezin dela onartu. Indarkeria matxistari aurre egiteko "urgentziazko neurri errealak" hartu beharra aldarrikatu du, eta horretarako erakundeei eta instituzioei "irmotasun handiagoa" exijitu diote. "Ez dugu adierazpen hutsik nahi; baliabide ekonomiko, politiko eta sozial integralak behar dira prebentzioan, babesean eta hezkuntzan inbertitzeko", adierazi dute. Jendarte osoari, berriz, dei egiten diote "konplizitate oro apurtzera eta erantzukizuna hartzera", indarkeria matxistaren aurkako borroka gizarte osoaren "premiazko ardura" delako.
Arguedasko hilketa matxista gaitzesteaz gainera, elkartasuna eta babesa helarazi die Feministen Sareak hildako emakumearen senide, lagun eta hurbilekoei.
"Indarkeria matxista orori aurre"
Urola Erdiko Itaiak ohartarazi du aurten dagoeneko bost emakume direla Euskal Herrian eraildakoak. "Emakumeon errealitate gordinak dira erasoak, irainak, jazarpenak, kontrolak eta kasurik larrienean erailketa matxistak", adierazi du emakumeen antolakunde sozialistak.
Arguedasko hilketa matxista gaitzesteaz gainera, Maialen Mozonen hiltzailearen kontrako epaiketan, hiltzaileari "genero indakeriaren larrigarria" kendu diotela salatu du, baita Mazoni "Ertzaintzak babes neurriak kendu izana ere".
Itaiaren ustez ere "ezinbestekoa" da indarkeria matxistaren aurkako borroka indartzea. "Unea da matxismoa asmakizun ideologikoa dela dioenari erantzuteko. Momentua da gure inguruan gertatzen diren erasoetan aurpegia emateko eta erasotzaileari aurre egiteko, momentua da matxismoaren aurka kaleak hartzeko", adierazi du emakumeen antolakunde sozialistak.
Halaber, Itaiak jarrera eta ideia matxisten aurka borrokan segituko duela aldarrikatu du, indarkeria jasan duen emakumea defendatzeko eta babesteko baldintzak bermatuz eta eraso matxista ororen aurrean "irmotasunez eta eraginkortasunez" erantzunez.