Lagun Onak mendi bazkunak datorren asterako antolatu du aurtengo Udaberriko Mendi Astea. Asteartean hasi eta ostegunera bitartean izango dira lehen hiru hitzorduak, Mendietxe museoan eta Soreasu antzokian, 19:00etan hasita eta doan guaztiak. Mendi Asteari bukaera, berriz, igandean emango diote, maiatzaren 31n, Xoxoteko Egunarekin.
Mendi Asteko lehen hitzorduan, asteartekoan, Josu Merino eskalatzailea izango da protagonista. Munduko bazter eta txoko askotako hormetan ibilitakoa da elgoibartarra, eta azkenaldiko abenturak Mendietxera bertaratzen diren herritarren aurrean azalduko ditu, Nire mugen gainetik izenburua jarri dion saioan.
Hurrengo egunerako, asteazkenerako, Iker eta Eneko Pou anaiak gonbidatu ditu Lagun Onak MBk. Gasteizko bikote mitikoak naturako elementuei aurre egiteko ahaleginetan jardun du azkenaldian, beti ere paretetan gora, eta Lau elementuen erronka izenburupean osatu duten kontakizun ikusgarria ekarriko dute Azpeitira. Soreasu antzokian izango da haien saioa.
Ostegunean, Mikel Lizarralde eibartarrak hartuko du hitza. Duela zortzi urte esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten Lizarralderi, baina hori ez du oztopo izan kirola egiten jarraitzeko, ezta mendiarekin zuen harremanari eusteko ere. Zazpi izeneko proiektuan bildu du gaixotasuna diagnostikatu ziotenetik egin duen bidea, eta dokumental bat ere ondu du Pello Osoro eta Maite Arroitajauregi Mursego herrikideekin batera. Horretaz guztiaz ariko da datorren ostegunean, Mendietxen izango den saioan.
Mendi Astea borobiltzeko, berriz, zer modu hoberik Xoxoteko Eguna ospatzea baino. Ohi bezala, maiatzeko azken igandea baliatuko dute horretarako, eta Lagun Onak MBk dagoeneko prestatu du egitaraua. 09:00etan plazan jarri du hitzordua, hala nahi luketen herritarrak elkarrekin igotzeko tontorrera. Han, 12:00etan meza izango da, eta 12:45ean lore eskaintza egingo dute. Jarraian, dominak banatuko dituzte mendi bazkunak ikasturtean zehar antolatu dituen ibilaldietan parte hartu duten gaztetxoen artean; eta ondoren, paella jana egingo dute aterpean. Hori guztia girotzeaz txistulariak eta trikitilariak arduratuko dira.
Lagun Onak MBko zuzendaritzak Xoxotera igotzeko deia egin die herritarrei, "giro ezin hobea" egongo dela ziurtatuta.