Udalak gaitzespena adierazi du haur pornografiari lotuta herrian izan den atxiloketaren aurrean

Aitziber Arzallus 2026ko maiatzaren 21a

Azpeitiko udaletxea. (Guka)

Erakundeak babes osoa adierazi die era batera edo bestera kaltetuak izan diren adin txikikoei eta haien ingurukoei.

Ertzaintzak gaur goizean jakinarazi du Azpeitian 71 urteko gizon bat atxilotu duela haur pornografia delitua leporatuta. Horren aurrean, bere gaitzespenik irmoena adierazi du Azpeitiko Udalak, eta babes osoa erakutsi die era batera edo bestera kaltetuak izan diren adin txikikoei eta haien ingurukoei.

Erakundearen esanetan, "haurren kontrako sexu indarkeria da indarkeria matxistaren aurpegi gogorrenetakoa, eta maiz isilean gelditzen da". Hori horrela, bereziki garrantzitsua iruditzen zaio "haur eta nerabeen kontrako sexu eraso oro ikuspegi feminista baten baitan kokatzea". Garbi esan du herri honek ez duela haurren kontrako inolako indarkeriarik onartzen, eta bide horretan lanean jarraituko duela udalak, bereziki, haurren aurkako sexu erasoak prebenitzeko.

Udalaren arabera, "halako kasuak errotuta daude gure inguruan", eta adierazi du sarri horrek zailtzen dituela haien detekzioa eta kontrako erantzuna. "Oso gogorra egiten zaigu gure inguru hurbileko norbaitek halakorik egin dezakeenik pentsatzea, baina ezinbestekoa da ohartzea indarkeria matxistak modu eta forma asko dituela eta arazo estrukturala dela; horregatik, herriko esparru eta gune guztietan lanean jarraitu behar dugu indarkeria zantzurik txikiena errotik desagerrarazi arte".

Azpeitiko Udalak lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du. "Berdintasunaren oinarriak eta haurren babesa auzitan jartzen dituen arazo sozial larri honi irtenbidea bilatu beharra daukagu denon artean". Sexu indarkeriaren aurkako prebentzio, sentsibilizazio, identifikazio eta erreparazioan lanean jarraituko duela ziurtatu du, baita horretarako beharrezko baliabideak jartzen ere. 

Eraso matxisten aurrean zenbaki hauetakoren batera deitu dezakete herritarrek:

Gizarte Zerbitzuak: 943-15 71 92.
Udaltzaingoa: 092 edo 943-15 13 13.
Emakumeen Txokoa: 688 75 10 00.
Ertzaintza: 112.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide