Atzo Global Sumud flotillako euskal delegazioko azken kideak iritsi ziren Loiuko aireportura (Bizkaia). Ertzaintza oldartu egin zitzaien eta lau pertsona atxilotu zituen, flotillako bi kide eta harrera egitera joandako beste bi.Gertaera horiek gaitzesteko elkarretaratzea egin zuen Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak atzo arratsaldean Azpeitiko plazan. Mobilizazioan "gogor" salatu zituzten Loiuko atzoko gertaerak, baita Ertzaintza oldartu izana ere. "Aurrez, sionisten torturak jasan dituzte flotillako kideek, eta atzo aireportuan modu baketsuan harrera egiten zieten bitartean ertzainak oldartu egin zitzaizkien", salatu zuten atzo Kontseilu Sozialistakoek.
Flotillako kideen helburua "Gazaren kontrako blokeo kriminala haustea" zela gogoratu zuten atzoko mobilizazioan, eta Israelek haiek atxikitu eta kolpatu izana gaitzetsi zuten. "Denok dakigu zein bidegabekeria ari den jasaten Palestinako herria. Israelek inolako erreparorik gabe flotillako kideak atxikitu eta torturatu egin ditu. Atzo Loiuko aireportuan Ertzaintzak jazartutako kide batek baino gehiagok saihetsak hautsita ditu sionistek emandako kolpeen ondorioz. Israel estatu faxista eta terrorista da, desegin beharra dago", adierazi zuten atzo plazako mobilizazioan.
Ertzaintzak flotillako kideekin izandako jarrera ere "gogor" salatu zuen Kontseilu Sozialistak, eta Eusko Jaurlaritzari "Israelen konplize bezala aritzea" leporatu zion. "Israelek torturatutakoei egur gehiago ematen jardun baitie. Nahikoa da. Poliziaren inpunitatearekin bukatzeko garaia da".
"Jakinekoak dira Ertzaintza eta Israelgo Mossad erakundearen arteko loturak. Argigarriak izan dira azken egunetako gertakariak. Europako herrialdeek ez dute ezer egin flotillako kideek jasotako torturen aurka. Itxurakeriaz aritu dira", gaineratu zuten mugimendu sozialistakoek.