Julen Lopetegi triatleta azpeitiarrak bigarren postua eskuratu zuen atzo Iruñean jokatu zen Distantzia Ertaineko Espainiako Triatloi Txapelketan. 03:25:15 denboran osatu zuen lasterketa azpeitiarrak.
2.000 triatleta inguru aritu ziren profesional mailako zirkuitua osatzeko lehian. Agoizko urtegian (Nafarroa) bi kilometroko igeriketa saioa osatu behar izan zuten horiek aurrena, ondoren, bizikletaz 80 kilometro egin behar izan zituzten Nafarroako errepide malkartsuetan barrena Iruñera iritsi arte, eta, azkenik, 18 kilometro osatu zituzten korrika Iruñeko Alde Zaharrean barrena, lasterketa Gaztelu plazan amaituz.
Igerian atzeraxeago geratu zen arren, bizikleta gainean erakustaldia egin zuen Lopetegik, eta bigarren amaitu zuen proba hori. Ondoren, postu horri eutsi zion korrika ere, eta, azkenean, bigarren postuan helmugaratu zen triatleta azpeitiarra, lasterketa 03:25:15 denboran osatuta. Irabazlea baino 3 minutu eta 22 segundo gehiago behar izan zituen azpeitiarrak helmuga zeharkatzeko.