Lagun Onak mendi bazkunak ireki du ekainaren 26tik 28ra Pirinioetara antolatu duen asteburuko irteerarako izena emateko epea. Mendian federatuta daudenei zuzendutako irteeran Larribeteko aterpea izango dute jomuga. "Ibilbideak paisaia ikusgarriak eskaintzen ditu, hainbat goi mendiko laku zeharkatuz", aurreratu dute Lagun Onakekoek. Irteerarako plazak mugatuak izango direla ere zehaztu dute, baita eguraldiaren arabera asmoak alda daitezkeela jakinarazi ere.
Irteeran parte hartzeko 90 euro ordaindu beharko dituzte Lagun Onak MBko bazkideek, eta gainontzekoek, 110 euro. Izena emateko, Lagun Onaken kontu korrontean (Rural Kutxa: ES05 3008 0152 64 5416695822) norbere izen-abizenekin diru sarrera egin beharko dute herritarrek, eta ordainagiria eta telefono zenbakia lagunonak.ibilaldiak@gmail.com helbide elektronikora bidali. Ordainaren barruan honako hauek sartuko dira: joan-etorriko bidaiak, ostiraleko eta larunbateko lo lekuak, larunbateko afaria eta igandeko gosaria.
Ekainaren 26tik 28rako asteburuan egin nahi duten ibilbidearen berri ere azaldu dute: ekainaren 26an, ostiralez, autoz egingo dute bidaia, irteera ordua parte hartzaileen artean adostuta. Gaua Formigalgo herriguneko aterpe batean igaroko dute, eta afaria norberaren kontu izango da. Hurrengo egunean, ekainaren 27an, gosaldu ostean (gosaria ere norberaren kontu), Col de Soquesera joango dira, eta handik hasiko dute oinezko ibilbidea. Arremouliteko aterpera igoko dira lehenik, segidan Col d’Arremoulit igo eta Breche des Ciseaux zeharkatuta, Larribeteko aterpera jaisteko. Aterpe horretan afalduko eta lo egingo dute mendizaleek.
Hurrengo egunean, ekainaren 28an, Larribeteko aterpean gosaldu ondoren, Collado San Martin igo eta Respomusoko aterpera jaitsiko dira. Gainera, animatzen denak Musaleseko tontorra igotzeko aukera izango du, eta hala nahi ez dutenak Sallent de Gallegora jaitsiko dira. Herri horretatik Azpeitira itzultzeko bidea hartuko dute.