Duintasunez erori da Lagun Onak Derion

Andoni Elduaien 2026ko maiatzaren 25a

Alex Letamendia, atzo, Derion. (CD Derio)

Lagun Onakek atsedenaldira arte ez zuen arazo handirik izan kanporaketan zuen abantailari eusteko, baina bigarren zatiari ekin eta berehala egin zuten etxekoek lehen gola, eta sufritzea egokitu zitzaion gero Riberaren taldeari. Ordu laurdenaren faltan egin zuten Deriokoek kanporaketa berdintzeko gola. Luzapenean gogotik saiatu zen Lagun Onak, baina ez zen gola egiteko gai izan. 

Igande arratsaldeko berotan urtu dira Lagun Onaken igoera ametsak. Deriok eta Lagun Onakek Espainiako Bigarren Federazio Mailara igotzeko lehen kanporaketaren itzulerako partida jokatu zuten atzo, igandea, Derioko Ibaiondo futbol zelaian (Bizkaia), eta Jose Luis Riberak zuzendutako taldeak 2-0 galdu zuen. Azpeitiko Garmendipen jokatutako joanekoan Lagun Onakek lortutako emaitza berdindu zuen Deriok bere zaleen aurrean, eta hala, kanporaketa luzapenean ebatzi behar izan zuten. Lagun Onak gehiago izan zen orduan, baina saria, gola, eskuratzea bakarrik falta izan zitzaion. 

Neurketa estua izan zen hasieratik amaierara bitartean, intentsitate handikoa. Bi taldeek jokoan zuten saria ez zen txantxetako kontua. Eguraldiak bezainbeste traba eragin zizkion talde batak besteari jokoa garatzeko faseetan, eta bietako inork ez zuen lortu bestea mendean hartzea aurreneko 30 minutuetan. Deriok kanporaketari buelta emateko asmoa tantaka-tantaka erakutsi zuen; izan ere, zelaian ondo kokatuta zegoen Lagun Onakekin egin zuten haiek topo. Riberarenak eroso aurkitu zuten bere burua berdegunean, eta apenas jasan zuten arriskurik.

Ordu erdia igaro zenean eman zuen etxeko taldeak pausotxo bat aurrera, eta Jokin Arabiourrutia atezainaren atea erasotzen hasi zen. Atzeko lerroaren bizkarra aurkituta egin zuten goleko lehen saiakera bizkaitarrek, baina Azpeitikoen atezainak gurutzatutako jaurtiketa hari erantzun ona emanda uxatu zituen beldurrak. Handik gutxira, korner baten segidako jokaldian area ertzetik saiatu ziren Deriokoak, eta behe-behetik egindako jaurtiketa zutoinaren albotik joan zen kanpora. Lagun Onakek ere berehala izan zuen bere gol aukera; Jon Sorazuren eskutik ezker hegaletik kontraerasoan irten zen Lagun Onak, baina atezainaren aurkako bat-bateko lehian atepeko gizona gailendu zen. Aukera ederra barkatu zuen zestoarrak. Atsedenaldira bitartean ezer gutxi gehiago sortu zen Ibaiondon. Asmoak bai Deriok, baina ikaragarriak ez.

Bigarren zatiaren lehen minutuak lehen zatiaren segidakoak izan ziren, oso antzerakoak, baina lehia 51. minutuan sartzearekin bat gauzak okertzen hasi ziren Riberaren taldearentzat. Zelai erdia baino metro batzuk aurrerago baloia berreskuratu zuten etxekoek, eta ezker hegalera jokatu zuten ahal bezain azkarren. Etxekoek areara erdiratu zuten baloia, azpi-azpitik erdiratu ere, eta haren norabidea gaiztotzen eta aterako bidea hartzen hasi zen. Arearen bueltan zeuden jokalari apurrek ez zuten hura ukitzerik lortu, eta, azkenean, zutoinaren laguntzarekin sartu zen baloia atepean. 

Gol hark aldaketa handia eragin zuen partidan; izan ere, Derio kanporaketa berdintzetik gol bakarrera jarri zen. Nolanahi ere, golaren osteko bost-hamar minutuetan itxuroso aritu zen Riberaren taldea. Baloiaren jabe, lehiako protagonista, Deriori erasoan murgiltzea eragotzi zion Lagun Onakek, eta gainera, gola egiteko aukera on bat edo beste izan zuen erasoan; Alex Letamendiak, esaterako, langara bidali zuen baloia jokaldi on bat eginda. Minutuek aurrera egin ahala, ordea, Azpeitikoen zutabea hautsi zuten etxekoek, eta Riberarenek nahi baino gehiago sufritu zuten atzean. Etxeko taldea erasora irauli zen, eta bere zelaian sartu zuen Azpeitiko taldea. Baloiak segundo gutxi irauten zuen Garmendipekoen oinetan, eta jokoaren ekimena izan zuen jokaldietan, zuzenegi jokatu zuten, gauzak azkar egin nahian. Patxada gehiago falta izan zitzaion Lagun Onaki bat eta hutsekoarekin. Kanporaketa, kontrara, hankaz gora jarri zitzaion Azpeitiko taldeari 76. minutuan. Ezker hegaletik ondu zuen erasoko jokaldia etxeko taldeak, eta bigarren zutoinaren parera erdiratuta, etxeko jokalari batek lortu zuen bi eta hutsekoaren gola egitea.

Kanporaketa berdindu zuten bizkaitarrek, baina oreka hautsi zezakeen haria zeharo mehea zen: gol bakar batek hankaz gora jartzen zuen kanporaketa, bai Deriorentzat, bai Lagun Onakentzat. 80. minutuan, etxekoek gertu izan zuten hirugarrena; aukera on bat alferrik galdu zuen erasoko jokalari batek, Arabiourrutia gaindituta zuen jokaldi batean. Arauzko 90 minutuak gaindituta zirela, berriz, Riberarenek izan zuten gol aukera latza: kontraeraso garbi-garbia sortu zuen Lagun Onakek, eta Markel Uzinen oinetan utzi zuten gola. Eskuin hegaleko jokalaria indarrez iritsi zen area barrura, eta jaurtiketa indartsua aterata, etxekoen atezainak ekidin zuen haren gola. 

Azkenean, luzapena jokatu zuten Deriok eta Lagun Onakek. Riberaren taldearen egoera ez zen samurra. Kanporaketa gainditzeko, taldeak nahitaez behar zuen gola egitea luzapeneko 30 minutuetan, eta hala, erlojupeko proba baten antzerako erronka bihurtu zen egoera. Luzapeneko bi zatiak aintzat hartuta, Riberaren taldea gehiago izan zen zelaian. Hala eta guztiz ere, lehen zatia egoskorragoa izan zen, aukera gutxikoa; gauza gutxi jazo zen zelaian, gutxiegi Lagun Onaken intereserako. Bigarren zatian, ordea, bai, nabarmen gehiago izan ziren Azpeitikoak, eta gola egiteko abagune pare bat izan zituzten. Derio bere area bueltan itxi zen, oso atzean, Lagun Onaken jokoa hegaletara bideratuz. Ordea, Riberarenek asmatu zuten bi aldeetatik arriskua sortzen. Korner jokaldien bidez eta erdiraketekin behin eta berriz jazarri zuten Derioren area zuri-urdinek. Baita, taldea hamar jokalarirekin gelditu zenean ere. 117. minutuan, epaileak Jagoba Erdozia aurrelaria egotzi zuen, aurkari bati eskua aurpegian jarri eta lurrera botatzeagatik. 

Azkenean, luzapena golik gabe amaitu zen, eta kanporaketa, binako berdinketarekin. Ordea, liga erregularrean Derio hirugarrena izan zen, eta laugarrena Lagun Onak. Sailkapen hobea lortu zuelako, Derioko taldeak egin du aurrera. Orain, Leioak eta Deriok jokatuko dute mailaz igotzeko kanporaketaren azken-aurreko fasea. Lagun Onaki, berriz, amaitu zaio denboraldia, akabo aurtengo sasoia.

Garaipena, azkenekoan

Emakumeen taldeak, bestalde, 1-2 irabazi zion Errenteriako (Gipuzkoa) Touring taldeari denboraldiaren agurreko partidan. Lehen zatian, Lagun Onaki asko kostatu zitzaion baloia oinetan hartzea eta ondoren jokatzea; aireko dema ugari izan ziren berdegunean, eta etxekoak nagusi jokamolde horretan. Hala eta guztiz ere, Azpeitikoek ondo eutsi zioten Touringi, eta arrisku gutxi sortu zuten haiek. Lehen zatian, oro har, zelai erdiko jokoa nagusitu zen. 

Ordea, bigarren zatiari hobeto ekin zion Lagun Onakek, eta Errenteriakoen atzeko lerroaren bizkarrera jokatuta min egiten asmatu zuen. Gainera, 59. minutuan lortu zuten Azpeitikoek huts eta batekoaren gola egitea. Maria Sorazuk espaziora baloia jokatu eta Joane Kortak area barrutik ez zuen barkatu. Gola modu horretan lortu zuela ikusita, gainera, Lagun Onakek modu berean jarraitu zuen jokatzen, eta aukera bat baino gehiago sortu zituzten bigarren gola egiteko. Azkenean, 64. minutuan egin zuten Azpeitikoek huts eta bikoa. Elene Alonsok eskuin hegaletik garatu zuen jokaldia, eta area txikiko lerroa zapaltzearekin bat June Casinari erdiratu zion. Casinak errematea egin bai, baina atezainak ekidin zion gola. Nolanahi ere, jokaldi hartan etxekoek ez zuten baloia urruntzen asmatu, eta azkenean, beren atean egin zuten gola. 

Azpeitikoek ondo eutsi zioten lehiaren orekari ondorengo minutuetan, baina 82. minutuan ezin izan zuten ekidin Errenteriakoen gola. Atzeko lerroan egindako huts bat baliatu zuten etxekoek markagailuko aldea murrizteko. Gol bakar bateko aldea izanda, nola ez, Touringek asko estutu zuen Lagun Onak, baina, sufrituta, garaipena erdietsi zuen Aitor Zubizarretaren taldeak. 52 punturekin, sailkapeneko zazpigarren postuan amaitu du Azpeitiko taldeak denboraldia. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide