Erlotik bertan, bizitza antolatuaren arrastoak

Nerea Uranga 2026ko ekainaren 17a

Asurtzu 4 aztarnategian indusketa lanean Aranzadikoak eta Antxieta arkeologi taldekoak. (Izaro Quevedo)

Kata baten bidez, labe baten izkina izan daitekeena aurkitu zuten Antxieta arkeologi taldekoek Asurtzun. Azken kanpainetan, Aranzadi zientzia elkarteak gidatuta egiten ari dira indusketak Neolitoko eta Brontze Aroko aztarnak dituen aire zabaleko aztarnategian. Ustezko labearen bueltan zer-nolako bizimodua egiten zuten garaiko gizakiek? Galdera hori eta beste asko erantzuteko ikerketaren buru da Izaro Quevedo Aranzadiko arkeologoa. Maiatzeko Azpeitia Guka aldizkariko erreportajea da hau.

Galdera asko sortu zaizkie. Galderak sortzea ona da. Orain, galderak erantzuteko ikerketa lanean ari dira profesionalak laborategietan. Galdera horien jatorria Asurtzu 4 Izarraitz mendilerroko aire zabaleko aztarnategia da; Erlo mendi tontorretik gertu dago, Azpeitiko lurretan. Gaur egunetik hogei urte atzera eginda hasi ziren indusketak egiten Antxieta arkeologi taldeko kideak Asurtzutik gertu, Ikullueta gainean. Handik zazpi urtera, 2013an, Asurtzu gunean laginak hartzen hasi ziren, eta material interesgarria egon zitekeenaren arrastoa atera zuten Antxietakoek. 2022an, Valladolideko Unibertsitateko (Espainia) arkeologo talde batek hartu zuen indusketen zuzendaritza, bi urterako. Ordutik ari da Izaro Quevedo arkeologoa eta Aranzadi zientzia elkarteko Historiaurrea saileko kidea aztarnategi horretako ikerketan; azken bi kanpainetan Aranzadi ari da Asurtzuko aztarnategiaren proiektua zuzentzen, eta gidari dabil Quevedo, Manu Zeberio eta Jesus Tapia arkeologoekin batera. Eta nola ez, gunean arrastoen peskizan hasitako Antxieta arkeologi taldeko kideak ere indusketetan parte hartzen ari dira. Quevedoren esanetan, "esperientzia handiko taldea" da Antxieta, "baina ez dira arkeologoak, eta legearen arabera, indusketa lanak zuzentzeko arkeologoak behar dira; horregatik, Aranzadik zuzentzen ditu kanpainak".

Zer da orain arteko Asurtzuko indusketetan aurkitutako arrastoek baieztatu dutena? "Neolitotik Brontze Arora artean giza presentzia egon zela Asurtzun; eta bereziki, Brontze Aroan –orain dela 3.800 eta 2.800 urte artean–, jarduera egonkor eta esanguratsua izan zela Izarraitz mendilerroko eremu horretan. Ez gaude kobazulo baten aurrean, ezta trikuharri baten aurrean ere; aire zabalean agertu diren mendi gaineko bizitza antolatu baten arrastoak dira. Horrek mendien historia kontatzeko modua bera berrikustera garamatza, gure inguruko paisaiek iraganean izan zuten giza dimentsioa nabarmenduz", azaldu du Quevedok.

Zer garaitako aztarnategia den antzemateko askotariko materiala aurkitu dute Asurtzun. Brontze Aroko aztarnategietan "normalean" topatzen diren suharriak, metalezko orratzak, zeramika zatiak eta ikatza aurkitu dituzte, besteak beste. "Oro har, Euskal Herrian zeramika nahiko baldintza txarrean azaltzen da indusketetan, baina Asurtzun zeramika asko aurkitu da, beste zenbait tokirekin alderatuta, kantitatea dezentea da", dio Quevedok; hain justu, zeramikan aditua da bera. "Brontze Aroko 112 zeramika zati berreskuratu dira Asurtzun, tartean gorputz zatiak, oinarriak, ertzak eta apaindutako piezak".

Behin aztarnategitik materialak jasota, kasuan-kasuan, ikerketarako prozedura desberdinak erabiltzen dituzte ikerlariek. Zeramikaren kasuan, esaterako, jasotakoa laborategian garbitu, moztu eta mikroskopioan aztertzen dute. "Argiak nola ematen dionaren arabera, zeramikaren kolorea aldatzen joaten da, eta horrek esan nahi du mineral baten edo bestearen aurrean gaudela", zehaztu du Quevedok. Metalak jaso eta Gipuzkoako Gordailuko zaharberritzailearengana eramaten dituzte, hark tratatzeko, "oso delikatuak" direlako. Harriak laborategira eramaten dituzte, eta ikatzak radiokarbono bidez tratatzen dituzte, "baina akats txiki bat izaten dutenez, gutxiago datatzen da era horretan".

Balizko labea

Aurkitutako material guzti horrez gainera, bada hainbat galdera eragin dizkien beste elementu bat: labea. 2022ko zundaketetan balizko labe baten arrastoak aurkitu zituzten, eta iazko kanpainaren helburua labe hori sakonago aztertzea izan zuten. Horretarako, indusketa eremua bi metro zabaldu zuten eta 62 zentimetroko sakonerara iritsi ziren. Gainera, labean arkeomagnetismo bidezko laginak hartu zituzten, Asurtzun azken sua noiz piztu zuten zehaztu asmoz. "Ikerketa horren emaitzak aukera emango digu labe hori azkenekoz noiz erabili zen jakiteko, eta, ondorioz, data zehatzago bat proposatzeko. Ez dugu jakingo noiz sortutako labea den, baina bai noiz utzi zioten erabiltzeari. Era horretan, kronologia erlatibo bat edukiko dugu; emaitza horren zain gaude".

Asurtzu 4 aztarnategian labearen arrastoetan indusketa lanean. (Izaro Quevedo)

"Jarduera termiko erregularra" egon izana iradokitzen dute Aranzadikoek eta Antxietakoek Asurtzun egindako aurkikuntzek, eta horrek Brontze Aroan "okupazio fase egonkor bat" izan zitekeen galdera eragin die. "Pentsarazten du Izarraitz mendilerroko Asurtzuko ingurunea ez zela soilik igarobide edo estazio puntual bat, baizik eta jarduera antolatuak hartu zituen espazio bat izan zitekeela. Izarraitz, beraz, ez zen paisaia hutsa; bertan lan egin zuten, suak piztu zituzten eta litekeena da komunitate baten eguneroko jardueraren parte izatea", azpimarratu du Quevedok.

Gipuzkoako bigarrena?

Asurtzu 4 aztarnategiaren testuinguruak Gipuzkoako protohistoria hobeto ulertzeko eta, bereziki, aire zabaleko mendiko okupazioen inguruan oraindik gutxi ezagutzen den esparru bat argitzeko aukera ematen duela azpimarratu du Quevedok: "Okupazio sekuentzia luze bat erakusten du aztarnategiak, hau da: Neolitoko arrasto sakabanatuak, Kalkolito eta Brontze Aroko fase sendoena, ondorengo hutsune bat, eta Erdi Arotik aurrerako presentzia estazionala, abeltzaintza eta bestelako ustiapen tradizionalekin lotua".

Arkeologoaren arabera, jakina da Euskal Herrian –Gipuzkoa barne– gizakiak Neolitoan edo Brontze Aroan aire zabalean bizi zirela, baina Euskal Herriko orografia den bezalakoa izanda, aire zabaleko aztarnategirik ez dute aurkitzen. "Normalean, etxeak egurrezkoak-eta ziren garai hartan, eta galdu egin dira. Asurtzu bezalako toki bat aurkitzea harrigarria da". Gipuzkoan Brontze Aroko aire zabaleko aztarnategi bakarra dago orain arte, Haltzerreka, Idiazabalen. "Haltzerrekan lur zati txiki bat eta poste zulo batzuk aurkitu dira". Asurtzukoa Brontze Aroko aire zabaleko asentamendua dela baieztatuz gero, Gipuzkoako bigarrena izango zatekeen. "Eta uste dut hala izango dela", gaineratu du Quevedok, Asurtzu aztarnategia berezi egiten duena nabarmenduz.

Sortutako galderak erantzuteko, ordea, induskatzen eta ikertzen jarraitu beharra dute arkeologoek. Iazko kanpainaren emaitzak jaso bitartean, Asurtzu 4 aztarnategiaren aurtengo indusketa kanpainari begira jarrita daude Aranzadikoak. "Azaroan egitea espero dut", dio Quevedok. "Aurten nahi dena da Antxietakoek kata baten bidez aurkitu zuten labearen kotaraino jaistea lur guztia, bi metro eta erdi behera, gutxi gorabehera. Jakin nahi duguna da garai hartako gizakiek zer-nolako bizitza zuten labe horren bueltan: etxebizitza bat al zen? Su bakar bat al zegoen? Edota zerbait gehiago zegoen labe horren inguruan?".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide