Eñaut Elorrietak kontzertua eskainiko du ekainaren 20an, Sakona etxaldean

Julene Frantzesena 2026ko maiatzaren 26a

Eñaut Elorrieta kontzertu batean.

Produktu ekologikoen dastaketaz gozatu ahal izango dute hara joaten direnek, eta etxaldea bisitatzeko aukera ere izango dute. Emanaldia 21:00etan izango da, eta sarrerak salgai daude dagoeneko.

Hitzordu berezia izango da ekainaren 20an, larunbatez, Sakona etxalde ekologikoan: izan ere, Eñaut Elorrieta musikariak kontzertua eskainiko du. Gainera, produktu ekologikoen dastaketaz gozatu ahal izango dute hara joaten direnek, eta etxaldea bisitatzeko aukera ere izango dute.

Dagoeneko jarri dituzte emanaldirako sarrerak salgai, Interneten; Sakona kontsumo taldeko kideek nahiz Elikaguneko bazkideek hogei eurotan eros ditzakete, eta gainerakoek, 22 eurotan. Sarrerak aurrez erostea gomendatu dute kontzertuaren antolatzaileek, plazak mugatuak direlako. Prezio horren barruan sartuko da, halaber, produktu ekologikoen dastaketa.

Kontzertua 21:00etan izango da, baina aurretik, 19:30ean, egingo dute Azpeitiko azokako produktu ekologikoen dastaketa. Gainera, Sakonako baratzeak, eraldaketa gunea eta artegia bisitatu ahal izango dituzte hara joaten direnek.

Hitzordua Sakonak eta Elikaguneak antolatu dute elkarlanean, baserria, komunitatea eta kultura uztartzeko xedez.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide