Banda Gaztearen kontzertuarekin hasiko da bihar Udaberrian Musika zikloa

Nerea Uranga 2026ko maiatzaren 27a

Iaz Banda Gaztearen kontzertua, Perez Arregi plazan.

Udaberrian Musika zikloaren barruan hiru emanaldi antolatu dituzte. Bihar, osteguna, Banda Gazteak eskainiko du kontzertua; 19:30ean hasiko da emanaldia Perez Arregi plazan. Gainontzeko bi musika saioak ekainean izango dira, Basazabal jauregian.

Udaberrian Musika izeneko zikloaren barruan, hiru emanaldi antolatu ditu Juan Antxieta musika eskolak, Azpeitiko Udalaren laguntzarekin. Bihar, osteguna, izango da zikloko lehen kontzertua; Banda Gazteak eskainiko du, 19:30etik aurrera, Perez Arregi plazan.

Zikloaren barruko gainontzeko bi kontzertuak ekainean izango dira, Basazabal jauregian biak, 19:30ean hasita. Ekainaren 11n, musika eskolako piano jotzaileek eskainiko dute kontzertua, eta ekainaren 18an, soka instrumentuen saioa eskainiko dute.

Musika eskolako ikasgela barruan lantzen eta ikasten dutena erakusteko antolatu ohi ditu Juan Antxieta eskolak jendaurreko saioak, eta Udaberrian Musika zikloa da horietako bat.

Matrikulazioa, zabalik

Bestalde, Juan Antxieta musika eskolak datorren ikasturterako matrikulazio epea ireki du dagoeneko. 2 urtetik gorako herritarrentzako askotariko eskaintza prestatu du. Ikastaroen berri jakin nahi dutenek edo informazio gehiago jaso nahi dutenek antxieta@antxieta.eus helbide elektronikora mezua idatz dezakete edota 656 00 80 40 telefono zenbakira deitu. Gainera, musika eskolaren webgunean ere eskura daiteke matrikularen gaineko informazioa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide