Aurrera doa Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketa. Eskuzko lehiaketan Azpeitiak final laurdenetako joaneko partidak jokatuko ditu larunbatean, 17:30ean, Hernaniren kontra, hango pilotalekuan. Final hamaseirenetan hasi zuen eskuzko txapelketa Azpeitiak, eta ordutik, nidean utzi ditu Ataun eta Amezketa. Orain, Hernani izango dute Ilunpeko pilotariek aurrez aurre.
Erremintako final laurdenak jokatzen ari da Azpeitia, bestalde. Joan zen ostiralean jokatu zuten joanekoa Donostiaren kontra, eta 0-2 irabazita etxeratu ziren Azpeitiko palistak. Itzulerako partida bihar, osteguna, jokatuko dute, 19:30ean hasita, Betharrametako pilotalekuan.