Sanjuandegiko festak 2026

Gorriz jantzita hasiko dituzte festak, beste behin, Sanjuandegin

Nora Aizpuru 2026ko maiatzaren 27a

Iazko Umeen Eguna. (Maddi Txintxurreta)

Duela hamalau urte ekin zioten Sanjuandegiko Umeen Eguna antolatzeari, eta, ordutik, auzo horretako festetako ekintzarik arrakastatsuenetakoa bilakatu da. HH 4-5etik LH 3-4ra bitarteko haurrek larunbatean izango dute festa batzordeak prestatutako egitarauaz gozatzeko aukera. 200dik gora umek eman dute izena, eta 12:00etan elkartuko dira horiek begiraleekin, Jose Antonio Agirre plazan.

Amona mantangorriren jaitsierak ematen die hasiera ofiziala Sanjuandegiko festei, baina egun handi hori baino astebete lehenago ere, auzoa kolore gorriz janzten da. Umeen Eguna egiten hasi ziren duela hamalau urte, eta gaur egun festetako ekintzarik arrakastatsuenetakoa bilakatu da. Aurten, maiatzaren 30ean, larunbatean, ospatuko dute egun hori, eta Haur Hezkuntza 4-5etik Lehen Hezkuntza 3-4ra bitarteko 200dik gora haurrek izango dute zertaz gozatua. Izan ere, XJ Auzolanean festa batzordeak egitarau oparoa prestatu du Umeen Egunerako.

Umeen Egunean parte hartuko dutenak 12:00etan elkartuko dira begiraleekin Jose Antonio Agirre plazan. Taldeetan banatuko dira eta orduan ekingo diote umeek hain gustuko duten egunari. Hainbat jolas egingo dituzte auzo osoan zehar, eta ondoren, indarrak berreskuratzeko bazkaria izango da guztientzat, Jose Antonio Agirre plazan. Arratsaldean, eguna borobiltzeko, haur zein helduentzat ikuskizuna eskainiko du Iagomagok.

Haur ugari animatu ohi dira urtez urte Sanjuandegiko Umeen Egunean parte hartzera, eta antolatzaileek adierazi dute sekulako arrakasta izan ohi duela egun horrek. Hastapenak gogoratu ditu Iker Etxeberria XJ Auzolanean festa batzordeko kideak: "Gaztetxoenek festen barruan parte hartzeko espazioak falta zituztela ohartu ginen, eta umeen aisialdirako eta gozamenerako alternatiba baten bila hasi ginen. Aurretik ere antolatzen ziren umeentzat jolasak festetan, baina oso laburrak eta urriak ziren, eta, beraz, ez zituzten haien beharrak asetzen". Horregatik, 2012an, egun osoko egitaraua osatu zuten, 3 urtetik 12 urtera bitarteko umeei zuzenduta. "Urte hartako Umeen Egunak izandako arrakastak argi erakutsi zuen zeinen beharrezkoa zen umeen aisialdiari festetan lekua egitea; ia 300 haurrek parte hartu zuten lehen edizio hartan", erantsi du Etxeberriak.

Geroztik, parte hartzaile kopuruak gorabehera batzuk izan baditu ere, azken urteetan 300 ume inguru elkartu dira auzoan, jolasetan zein bazkarian. Hala ere, kontuan hartzekoa da 2022az geroztik adin tartea mugatu egin behar izan dutela: "Izan ere, gehiegizko parte hartzaile kopurua ez zen bateragarria auzoko zein lantaldeko azpiegiturekin eta baliabideekin". Beraz, adin tartea murriztuta egiten dute gaur-gaurkoz Umeen Eguna, baina antolatzaileak gustura daude hartutako erabakiarekin. "Adin tartea txikiagoa izan arren, hasieran baino ume gehiago animatzen dira", adierazi du Etxeberriak.

Oinarrian, auzolana

Irribarreak, esku zikinak, kamiseta gorriak, laguntasuna eta elkartasuna dira, besteak beste, Umeen Eguna definitzen duten kontzeptuetako batzuk. Baina horiek guztiak lortu ahal izateko, beharrezkoak dira beste oinarri batzuk ere XJ Auzolaneaneko kidearen ustez: "Auzolana, borondatea, antolakuntza, denbora eta konpromisoa". Izan ere, egun hori ospatu ahal izateko, XJ Auzolanean batzordeko kideez gain, funtsezkoa izaten da begiraleen zein auzoko hainbat pertsonaren laguntza. Etxeberriaren arabera, egindako lanaren emaitza da haurrak maiatzeko azken astebururako irrikaz egotea. "Hori ez da kasualitatea", dio.

Lehen ediziotik urteak pasatu diren arren, antolatzaileen asmoak eta ilusioak berbera izaten jarraitzen du: "Etxeko txikienak protagonista sentiaraztea". Festetan atzemandako hutsune edo behar batetik sortu zuten egunak, gaur egun, bizipoza eta alaitasuna ekartzen dizkio auzoari festen atarian. Beraz, maiatzaren 30ean, Sanjuandegi ez da umeen jolastokia soilik izango, auzo baten bizitasunaren erakusleiho baizik.

Igande arratsaldean, bizikleta festa

Igande arratsaldean ere gaztetxoak izango dira protagonistak, baina bizikleta gainean ibiliko dira orduan. Joan den urtean, YK Riders taldeak eta XJ Auzolanean taldearekin batera, aspaldiko jardueretako bat berreskuratu zuten, eta aurten berriz egingo dute, baina 3 urtetik 12 urtera arteko haurrentzat beharrean, 16 urtera artekoentzako antolatu dute. 16:30ean Jose Antonio Agirre plazan jarri dute hitzordua, eta parte hartu nahi dutenek egunean bertan eman beharko dute izena.

Hona hemen asteburuko egitaraua:

Maiatzak 30, larunbata

 

  • 12:00. Umeen Egunean izena emanda dauden haurrak begiraleekin elkartuko dira Jose Antonio Agirre plazan, eta jarraian, jolasak egingo dituzte auzoko hainbat lekutan.
  • 14:30. Umeen auzo bazkaria, Jose Antonio Agirre plazan
  • 16:15. Iagomagoren emanaldia, Jose Antonio Agirre plazan.

Maiatzak 31, igandea

  • 16:39. Bizikleta lasterketak, Jose Antonio Agirre plazan.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide