Sanjuandegiko festak 2026

Salgai daude Sanjuandegiko festetako otorduetarako txartelak

Julene Frantzesena 2026ko maiatzaren 29a

Hainbat lagun iazko bertso afarian.

Haginpe tabernan eta Sanjuandegiko Baigeran eros daitezke datorren asteazkeneko bertso afarirako, ostiraleko Gazte Eguneko afarirako nahiz zapatuko auzo bazkarirako sarrerak.

Ate joka dira Sanjuandegiko festak, eta XJ Auzolaneanek salgai jarri ditu dagoeneko jaien bueltako otorduetarako txartelak. Hain zuzen ere, eskuragarri daude jada datorren asteazkeneko bertso afarira, Gazte Eguneko afarirako nahiz Auzo Eguneko bazkarirako txartelak. Haginpe tabernan eta Sanjuandegiko Baigeran eskura daitezke horiek.

Datorren asteazkenean, ekainaren 3an, izango da bertso afaria. Baigera jatetxean egingo dute otordua, 21:00etan hasita, eta Andoni Egaña eta Iker Zubeldia ariko dira kantuan. Afaritarako txartelak 30 eurotan eros daitezke. Ostiralean hasiko dira festak ofizialki, eta Gazte Eguna izanik, afaria egingo dute. Otordu horretarako txartelak ere salgai daude, hamabost eurotan. Hurrengo egunean, zapatuan, auzo bazkaria egingo dute, eta hara joateko txartelak hamabi euroren trukean eskura daitezke.

Otordu horietan aukera beganoa nahi dutenek festa batzordeko kideekin jarri beharko dute harremanetan. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide