Eskola Agenda 2030 programaren barruan landutakoa aurkeztu dute ikasleek udaletxean

Iraia Oteiza 2026ko maiatzaren 28a

Eskola Agenda 2030 programan parte hartu duen ikasle talde bat Azpeitiko udaletxean. (Azpeitiko Udala)

Azpeitiko ikastetxeetako ikasleak udaletxean izan dira goizean, Eskola Agenda 2030 programaren barruan ikasturtean zehar egin duten lanketa udal ordezkariei aurkezten. Aurtengoan, lehen sektoreko elikagaien salmenta sustatzeko kanpaina bat prestatzea izan dute helburu.

Amaitu da Eskola Agenda 2030 programaren aurtengo ikasturtea, eta Azpeitiko hiru ikastetxeetako ikasleak udaletxean izan dira goizean, programari lotuta azken hilabeteetan egindako lanketa udal ordezkariei aurkezten. 

Nagore Alkorta alkateak eta Joanes Amenabar Ingurumen batzordeburuak egin diete harrera, eta han izan dira Edurne Agirre eta Itziar Unanue Ekoetxeko ordezkariak ere.

2024-2025 eta 2025-2026 ikasturteetan, elikadura eta osasuna landu dituzte ikasleek programaren barruan. Iaz herriko diagnostikoa egin zuten hainbat gairi erreparatuta, tartean, etiketak, hamaiketakoak edota janari soberakinen kudeaketa, eta aurten, ekintza planean sartuz, tokiko eta lehen sektoreko elikagaien salmenta sustatzeko kanpaina bat prestatzea izan dute helburu.

LHko eta DBHko ikasleek parte hartu dute Eskola Agenda 2030 programan, eta ziklo bakoitzak eginkizun jakin bat izan du. Kanpainaren irudia sortu dute talde batzuk, eta beste batzuk eslogana sortu eta baserritarren inguruko fitxak prestatu dituzte, azokara joan eta ekoizleekin hitz eginda. Herriko hainbat puntutatik azokara oinez edo bizikletaz joateko ibilbideak ere diseinatu dituzte, segurtasuna, irisgarritasuna eta erosotasuna kontuan hartuta.

Horrez gain, herriko ekoizleei buruzko gida bat ere osatu dute, herritarrek azokako ekoizleak hobeto ezagutzeko asmoz. Halaber, ikasleek baserritarren inguruko ikus-entzunezko edukiak ere landu dituzte, sare sozialetarako bideo eta gidoiak prestatuz, eta bertako eta sasoiko produktuak erosteko aukerak ere ezagutaraziz. Udaletxean egin duten aurkezpenean ere erakutsi dute ikus-entzunezkoa. Hemen ikus daiteke. 

Programan parte hartu duten ikasleek adierazi dutenez, proiektuak lehen sektorearen garrantziaz jabetzeko balio izan die, eta bertako produktuak erosteak herriko ekonomian eta ingurunean duen eragina hobeto ulertu dute. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide