Erretiroa hartuta, Gipuzkoa Basket taldearen kirol zuzendari kargua utziko du Xubik

Andoni Elduaien 2026ko maiatzaren 29a

Jose Luis Zubizarreta 'Xubi', Ilunben. (Berria)

Gipuzkoa Basketen kirol batzordeko aholkularia izaten jarraituko du azpeitiarrak, orain arteko postua utzita. Hiru denboraldi osatu ditu Xubik talde horretan, 2023ko udan batu zen-eta hura Gipuzkoa Basketera. 

Jose Luis Zubizarreta Xubi-k Inveready Gipuzkoa Basket taldeko kirol zuzendari postua utzi du. Erretiroa hartuko duela iragarri du hark gaur, ostirala, hedabideen aurrean denboraldiaren balorazioa egiteko eskaini duen prentsaurrekoan. "Erretiroa hartzea dagokit, ez da beste ezergatik", esan du Xubik.

2023ko udan batu zen azpeitiarra Gipuzkoa Basketen proiektura, Azkoiti-Azpeitiko ISB taldeko ardurak utzita; hiru denboraldi osatu ditu hark han. Gainera, Gipuzkoa Basketek eta Askatuak saskibaloi klubek egindako hitzarmenaren eraginez, datorren denboraldian Askatuak Gipuzkoa izena hartuko du Donostiako klubak, eta Xubik azaldu du horrek "birmoldaketa bat" eragingo duela klubaren zenbait egituratan.

Egun, kirol arloaz arduratzen den kirol batzorde bat du klubak, eta aurrerantzean, batzorde horretako aholkularia izango da Xubi. "Langile taldeari eta entrenatzaileei aholkuak emango dizkiet taldea eraikitzeko orduan, eta, era berean, klubaren zuzendaritzaren eta kirol arloaren arteko komunikazioaz arduratuko naiz, bitartekaria izango naiz", esan du prentsaurrekoan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide