Kreditu aldaketa eta mozio bat izango dituzte aztergai biharko udalbatzarrean

Julene Frantzesena 2026ko ekainaren 1a

Udaletxea.

Ekaineko ohiko udalbatzarra egingo dute bihar udal ordezkariek, 19:00etan hasita, udaletxeko areto nagusian. Udal aurrekontuan kreditu aldaketa bat egitea onartuko dute bilkuran; besteak beste, Soreasuko lehiatilaren inguruan estalki bat egiteko eta Landetako eremu bat berrurbanizatzeko. Horrez gain, foruen abolizioari eta Alkateen Mugimenduari lotuta EH Bilduk eta EAJk aurkeztutako mozioa ere izango dute aztergai.

Ekaina iritsita, udal ordezkariek hileko ohiko udalbatzarra egingo dute bihar, asteartearekin. Betiko legez, 19:00etan hasita egingo dute bilkura udaletxeko areto nagusian, eta hainbat gai landuko dituzte.

Biharkoan, udal aurrekontuan kreditu aldaketa bat egitea izango dute hizpide. Hain zuzen ere, diru partida bat baino gehiago bideratuko dituzte proiektu hainbatetara, eta horiek egiteko onartuko dute kreditu aldaketa. Diru hori, batetik, Soreasu antzokiko leihatilaren inguruan estalki bat eraikitzeko baliatuko dute; eta bestetik, Landetan, Akamendi inguruan, berrurbanizazio lanak egiteko.

Horrez gain, foruen abolizioaren 150. urtemuga eta Alkateen Mugimenduaren 50. urtemuga tarteko, EH Bilduk eta EAJk aurkeztutako mozioa ere izango dute aztergai.

Hona hemen udalbatzarreko gai zerrenda:

1.- 2026ko maiatzaren 5ean egindako udalbatzarraren akta onartzea, eta bigarren puntuari egindako zuzenketaren berri ematea.

2.- Udal aurrekontuan bigarren zenbakia duen kreditu aldaketa onartzea.

3.- Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako harrera etxeen eta gizarte larrialdirako aterpeen eta bazterketa sozial arriskuan dauden pertsonentzako etxebizitzen funtzionamendu araudiari eta zerbitzuaren barne araudiari behin betiko onarpena ematea.

4.- EH Bildu eta EAJ udal taldeek aurkeztutako udal mozioa: foruen abolizioaren 150. urteurrena eta Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrena.

5.- Alkatetzak 2026ko apirilean emandako ebazpenen berri ematea.

6.- Galderak eta erreguak.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide