Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketa badoa aurrera, eta Azpeitia sendo ari da erremintan zein eskuz. Asteburu honetan eskuratu du erremintako final erdietarako txartela, eta datorren asteburuan eskuz gauza bera lor dezake, asteburu honetan erdietsitako errentari eusten asmatzen badu.
Hain zuzen ere, ostegun arratsaldean jokatu zituzten erremintako final laurdenetako itzulerako bi partidak etxean, Betharrametako pilotalekuan, Donostiaren kontra. Larruzko paletan, Alkortak eta Garaizarrek tanto bakarragatik galdu zuten Donostiako bikotearen aurkako norgehiagoka; 35-34 egin zuten. Pala motzean, ostera, Martijak eta Sanchezek 21-40 hartu zituzten mendean aurkariak. Itzulerako jardunaldian bana egin arren, joanekoan lortutako bi garaipenak alde zituzten Ilunpeko palistek. Horrela, guztira 3-1 eginda, Azpeitiak lortu du final erdietara sartzea.
Eskuz, berriz, Azpeitiak gaur arratsaldean jokatu ditu final laurdenetako joaneko jardunaldiari zegozkion hiru partidak Hernaniren kontra, hango pilotalekuan. Kadeteen mailako partidak ihes egin die Ilunpeko pilotariei, baina gazteen eta nagusien mailako partidak irabazi egin dituzte. Kadeteen mailako neurketa 22-19 galdu dute Ansolak eta Beristainek, gazteen mailakoa 14-22 irabazi dute Arsuagak eta Artetxek, eta nagusien mailakoa 12-22 irabazi dute Egigurenek eta Larrañagak. Datorren asteburuan etxean jokatuko duten jardunaldian erabakiko da nor igaroko den final erdietara.