Sanjuandegiko festak 2026

Bizikletaren gainean abilak direla erakutsi dute gaztetxoek Sanjuandegin

Urtzi Oteiza 2026ko maiatzaren 31

Festen atarian, bizikleta lasterketak egin dituzte 3 eta 12 urte bitarteko haurrek gaur arratsaldean Sanjuandegin. YK Riders taldeak eta XJ Auzolanean batzordeak elkarlanean antolatu dute kirol egitasmoa. 

Iazko arrakastari jarraituz, festen atarian bizikleta lasterketak egin dituzte Sanjuandegi auzoan. YK Riders taldeak eta XJ Auzolanean batzordeak elkarlanean antolatu dute kirol egitasmoa, eta 3 eta 12 urte bitarteko hainbat lagunek gozatu ahal izan dute bizikletaren gainean. 

Adinaren arabera banatuta egin dituzte probak 16:30en bueltan hasita. Aurrena, 3 eta 4 urte bitarteko umeak aritu dira Jose Antonio Agirre plazaren inguruan osatu duten zirkuituan bueltaka. 5 urtetik gorakoak, berriz, auzoan barrena ibili dira txirrinduaren gainean, zirkuituaren ibilbidea osatzen. 7 urtetik gorako partaideek, ostera, hainbat itzuli eman dizkiote Sanjuandegin prestatutako zirkuituari. 

Gogotik gozatu dute txirrindulari gaztetxoek gaur arratsaldean; izan ere, atzoko Umeen Egunaren ondotik, eta festak iristear diren erakusle, hainbat umek bizikletan ibiltzen abilak direla erakutsi. Probak egin badituzte ere, ez dute sailkapenik osatu; lagunarteko hitzordua izan da gaurkoa. Hori bai, partaide guztiek goxokiak jaso dituzte saritzat. Gainera, bizikleta eta kasko bana zozkatu dituzte parte hartzaile guztien artean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide