Urteak joan eta urteak etorri, bada Sanjuandegiko festetako egitarauan hutsik egin ez duen ekintza bat: zezen ikuskizuna. Aurten ere zezenaz gozatzeko aukera izango dute auzotarrek, baina pare bat berrikuntzarekin iritsiko da; alde batetik, azken urteetan ez bezala, zezen handiak izango dira protagonista; bestalde, igande arratsaldez egingo dute ekitaldia, 16:00etatik 17:30era, eta hesiz babestuta egongo da Jose Antonio Agirre plaza. Aurten ere Biri gandutegiko zezenak izango dira Sanjuandegin.
Xabi Iturralde da Sanjuandegiko zezenaren bueltako ekitaldiaren antolakuntzaz arduratzen den XJ Auzolanean batzordeko kidea, eta hark aldaketen arrazoiak aletu ditu: "Hasiera batean, urtero legez, igande goizean zezen txikien ikuskizuna egiteko asmoa genuen, baina zezen txikien bueltako ekitaldien erregularizazio prozesu motelaren ondorioz, ezinezkoa zitzaigun ekintza antolatzea". Egoera horren aurrean, auzora zezen handiak eramateko ideari heldu zion batzordeak. Ohituraz, igandean, festetako azken egunean, goizean goiz izan ohi da zezena Sanjuandegin, gaupasa egiten dutenen goiza "alaitzeko eta entretenitzeko" asmoz. Ikuskizun horretan, azken urteetan, zezen txikiak erabili izan dituzte, horiek jendea "parte hartzera bultzatzen" dutelako eta horrek festa giroari eusten laguntzen duelako. Hala azaldu du Denis Aizpuru XJ Auzolanean festa batzordeko kideak.
Iaz, ordea, bigantxen ikuskizuna prestu zuen batzordeak, eta parte-hartzea "nahiko eskasa" izan zela ikusirik, goizean zezen handien ikuskizuna antolatzeko aukera alde batera uztea erabaki zutela esan du Aizpuruk: "Zezen ikuskizuna arratsaldera aldatuta, jende gehiago hurbilduko delakoan gaude".
Urte luzez
Garai bateko ohiturak bueltan dira, beraz, Sanjuandegin, nahiz eta ekitaldiaren ordua eta lekua bestelakoak izango diren. Auzoko festen nortasuna mantenduko duen eta horiei amaiera borobila emango dien hitzordua izango da zezenekin igandean egingo dutena, eta zezenaren tradizioari kapitulu berri bat gehitu nahi diote. Izan ere, Sanjuandegiko festen ibilbide luzean, askotariko zezen ikuskizunak antolatu izan dituzte; hasierako urteetan, esaterako, sokamuturra zen auzoko ekitaldi izarra.
Urte hainbatetako egitarauak aztertuz gero, baina, ikus daiteke zezenaren bueltako ekitaldiak ez duela hutsik egin; larunbatean zein igandean, ordu batean ala bestean, toki batean edo bestean, beti egin izan dute zezen ikuskizuna: haurrentzako zezen txikien eta pottoken ekitaldia, suzko zezena edo errekortarien uztai txapelketa dira horren erakusle.
Ohituraren sokari segida emango dio aurtengo ekitaldiak: lehen aldiz igande arratsaldean Jose Antonio Agirre plazan izango da zezen handien ikuskizuna.