Sanjuandegiko festak auzotarrak garenon arimaren isla dira. Txupinazoak hasiera ematen dio denok itxaroten dugun asteari, gure 'Aste Nagusi' propioari. Auzoa gorriz janzten da Mantangorriren iritsierarekin, eta ilusioz beteta hasten ditugu jaiak. Egia esaten hasita, jarraitu ere ilusioz eta gogoz egiten dugu festek irauten duten bitartean...
Guztiontzako lekua izaten da Sanjuandegiko festetan; izan ere, urtero-urtero oparoa izaten da egitaraua: trikitia eta areto dantzak uztartzen ditu festak, tradizioa eta parranda eskutik doazela. Umeak, gazteak eta helduak izaten dira kalean, denak giro ederrean murgilduta. Lo gutxi eta barre asko.
Eta gozamenerako aukera zabal horren artean, bada xehetasun txiki bat. Tabu moduko bat izanagatik ere, eragin izugarria duena festetan: zeinen ederra den auzoko festetan kaka etxeko komunean egin ahal izatea. Horrek ez du preziorik! Beste auzo, herri edo hirietako festetan ilaran zain egon behar izaten da, bainugelara sartzea lortu eta presaka ibili behar... Zenbat alditan gertatu izan zaigun hori lagunei. Hemen ez, gure auzoa delako. Etxera joan eta lasai egon zaitezke bainugelan eserita, inolako presarik gabe. Beno, presa bakarra izaten da: berriro kalera irtetea, festan jarraitu ahal izateko. Hori bai dela luxua!
Festei lotuta, bada hitzez azaldu ezin den sentimendu bat: pertenentzia sentimendua. Sanjuandegikoa izatea barruan daramagun zerbait da, azaldu ezin den lotura bat. Nire kasuan, adibidez, badira datuz adierazi daitezkeenak. Izan ere, ezkontza eguna jartzeko orduan, ez zen eztabaidarik izan: Sanjuandegiko festak ziren horretarako datarik onena. Eta horrela egin genuen. Gainera, lagunek ostiralero egiten dugun poteoa kaletik auzora mugitu dugu. Bizitzeko tokia aukeratu behar zenean ere, gauza bera gertatu zen: auzoan geratzea izan zen gure hautua, gure barriyuen. Luxuan bizitzearen hautua egina dugu.
Hori guztia da, azken batean, Sanjuandegiko festen benetako magia: ez direla soilik jai batzuk. Topalekua dira, oroitzapenen fabrika bat, belaunaldiz belaunaldi transmititzen diren zerbait. Urtero errepikatzen diren ohiturek eta kaleetan sortzen diren momentu txikiek egiten dute auzo hau berezi. Eta urteak pasatu arren, txupinazoa entzutean barrua dardarka jartzen bazaigu, seinale ona da: Sanjuandegi bizirik dagoela esan nahi du.
Beraz, aurten ere, kaleak bete ditzagun algaraz, musikaz eta auzo harrotasunez. Eutsi diezaiogun gureari, gure moduan eta gure gertuko jendearekin. Izan ere, festak amaitzen dira, baina Sanjuandegikoa izatea ez da inoiz bukatzen.
Gora Xanjuandei!