Dagoeneko prest duzue jaietako aurtengo egitaraua. Zer nabarmenduko zenukete?
Denis Aizpuru: Urtez urte egitaraua antzekoa izaten da; aldaketa txiki batzuk egiten ditugu. Festak amaitutakoan balorazioa egiten dugu, ekitaldiek izan duten harrera edo arrakasta aztertzeko. Jende gutxi erakarri duen ekitaldiren bat egin baldin bada, formatuari edo emanaldiari buelta bat ematen saiatzen gara. Izan ere, urtez urte gauzak hobeto egitea da helburua.
Araia Lazkano: Beti iristen zaizkigu proposamen berriak, eta horiek ere aztertzen ditugu. Ondo irudituz gero, egitarauan sartzen ditugu ekarpenak.
D. A.: Iaz, adibidez, Yonki Riders taldeak umeen bizikleta lasterketak egitea proposatu zuen, eta arrakasta handia izan zuen egitasmoak; gurasoak eta parte hartzaileak oso gustura agertu ziren. Ondorioz, aurtengo egitarauan ere sartu ditugu probak.
Aurtengo jaiei begira jarrita, zer berrikuntza edo aldaketa izango dira egitarauan?
A. L.: Txakolin dastaketa egingo dugu aurten lehen aldiz. Normalean kalean egin ohi izan da, baina aurten, datak Sanjuandegiko festekin bat egiten zuenez, auzoko festetan egiteko aukera zegoela esan zigun Azpeitiko Udalak. Taldeak eskaera aztertu eta oso ondo hartu zuenez, egitarauan sartu dugu ekitaldia.
D. A.: Bestalde, zezena izango dugu igande arratsaldean. Azken urteetan, Ongi Etorri jatetxearen atzeko belardian izan da zezena. Leku horretan, ordea, aisialdirako parke bat jarri du udalak, eta lekuz aldatu beharra zegoen ekitaldia. Zezen ikuskizuna egiteko hainbat toki aztertu ondoren, Jose Antonio Agirre plazara itzultzea erabaki genuen.
Azken urteetako ohiturari jarraituz, Ume Egunarekin hasi dira festak. Aurten ere arrakasta izan du.
D. A.: Festen hasiera eguna izan ohi da, eta izugarrizko arrakasta izaten du urtero.
A. L.: Muga jarri gabe dugun arren, 250 eta 300 ume inguruk ematen dute izena urtero. Asko dira.
Jaietako ekitaldi eskaintzan nabarmena da herriko taldeen eta eragileen parte hartzea. Saiakera berezia egiten al duzue hori horrela izan dadin?
D. A.: Sanjuandegikoak festa herrikoiak direla esan dezakegu, eta horretarako saiakera berezia egiten dugu. Egitaraua begiratuz gero, egunero ageri da herriko norbait edo talderen bat ekitaldietan: Iagomagok ikuskizuna eskaintzen du Umeen Egunean, musika taldeen kontzertuak, parrillada Kontseilu Sozialistak prestatzen du... Herriko taldeek eta eragileek beti dute tokia Sanjuandegiko festetan.
Egun batzuk besterik ez dira falta festak hasteko. Zer aurreikuspen dituzue aurtengorako?
A. L.: Ondo joan daitezen nahi dugu. Urtero izan ohi den jendetza espero dugu, herritar ugari izaten baitira Sanjuandegiko festak iristeko zain-zain. Uda hasieran izaten dira jaiak, eguraldi onak ere hasita izaten dira ordurako, eta parranda gosea nabaria izaten da. Egitarauak urtero zerbait berria eskaintzen du, eta ekitaldi aukera zabala izan ohi da.
D. A.: Mugarik ez dute Sanjuandegiko festek. Gero eta ospe handiagoa dute; argi ikusi da azken hiruzpalau urteetan gorakada nabarmena izan dutela jaiek. Gorakada horrek, baina, jaietan lan gehiago egin behar izatea eta jendearengan espektatiba handiagoak sortzea eragiten du.
XJ Auzolaneanek hilabeteetako lana izaten du festak prestatzen, baina festa egunetarako ere beharko duzue laguntza, ezta?
D. A.: Herritar askok txosnetako txandak egiteko beharra izaten dugu. Mesede asko eskatzen ditugu; kuadrillakoei eta lagunei, batik bat. Dena den, herriko eragileei ere eskatzen diegu txandak egiteko, eta eragile horiei, herriko gainerako festetan, mesedea itzultzen diegu trukean.
Belaunaldi berriak indarrez sartu dira Sanjuandegiko festa batzordean. Lana erraztu al du horrek?
A. L.: Zenbat eta esku gehiago izan laguntzeko, are pertsona gehiago izaten dira lana banatu ahal izateko. Ardurak banatu egiten ditugu, eta kide gehiago izanez gero, lanak hobeto egiten ditugu. Batzordeko kide denek egiten dute ekarpena, gehiago edo gutxiago.
Taldea handitzeak hobeto antolatzeko aukera ematen al dizue?
D. A.: Astean behin biltzen gara batzordeko kideok, eta han banatzen ditugu lanak eta ardurak. Adibidez, taldeak erabakitzen badu Araia arduratuko dela dantzez, hark bere gain hartzen du dantza ekitaldiaren kudeaketa osoa. Eta horrela egiten dugu egitarauko ekintza denekin; hitzordu bakoitzak bere arduraduna izaten du.
Dena prest duzuenez, festarako gogoz al zaudete?
D. A.: Gogoz gaude, bai. Azaroan hasten gara festen antolakuntzarekin. Kontzertuak lotzea izaten da lehendabiziko egitekoa, horrexek ematen baitu lan gehien. Kontzertuak itxitakoan, urtarrilean biltzen gara berriro, eta martxotik aurrera, festak iritsi arte, astero egiten ditugu bilerak.
A. L.: Azken asteetan beharren bueltan egiten ditugu bilerak, eta egia esan, azken txanpan nabaritzen da nekea.
Zer esango zeniekete festaz gozatzera Sanjuandegira joango diren herritarrei?
D. A.: Jaiaz errespetuz goza dezatela, pertsona guztiek baitute ondo pasatzeko eskubidea.
A. L.: Ondo pasatzeko eta pazientzia izateko. Horrenbeste hitzordu dituen egitarau izanik, akatsak gertatu egiten dira, eta horietako batzuk edo asko ez dira gure esku egoten edo ez dira gure ardura izaten. Gu boluntarioak gara, eta hori kontuan hartzea nahiko nuke.