Loinaz anaien lanak ikusgai dira Sanagustinen

Aitziber Arzallus 2026ko ekainaren 2a

Loinaz anaien lanak, atzo, Sanagustin kulturgunean zintzilikatuta. (Utzitakoa)

Ekainaren 21era arte kulturgunean zintzilikatuta egongo dira Antton eta Luix Loinaz anaien dozena bat margolan.

Hiru astez, ekainaren 21era arte, Antton eta Luix Loinaz anaien dozena bat margolan ikusgai egongo dira Sanagustin kulturgunean. Zehazki, jarri duten bildumako lan bat da Luixena, eta beste guztiak Anttonenak dira. "Berez anaiak izan zuen gure lan batzuk Sanagustinen jartzeko ideia, berak proposatu zidan niri, baina, azkenean, beste konpromiso batzuk sortu zaizkio hari, eta neureak dira ikusgai jarri ditugun lan gehienak", azaldu du Anttonek.

Azpeitiarra da Antton, nahiz eta badiren 35 urte Iruñera bizitzera joan zela. Hala ere, sarri etortzen da jaioterrira; "azkenekoz joan den astean bertan lagunekin sozidadean afaltzera", zehaztu du. Eta Sanagustinen bere lanak zintzilikatzea bada Azpeitiarekin duen harreman estuaren beste erakusgarri bat.

Margolari afizionatutzat du bere burua. "Astean behin joaten naiz pintura eskolak hartzera, eta libre ditudan tarteetan margotzen dut". Aitortu du ez dela lan berriak sortzen jardun Sanagustinen erakusketa jarri behar zuelako, etxean eginda zituen lan batzuk aukeratu dituela han jartzeko.

Zer margotzea gustatzen zaion galdetuta, askotariko gaiak jorratzen dituela erantzun du. "Azpeitiar petoa naizen aldetik, zezenzalea ere banaiz, eta Sanagustinen ikusgai dauden hiru lanetan garbi ikusten da hori". Gainontzean, "margolan alaiak" egiten dituela dio, "udako giroko pinturak". "Garai batean joera handiagoa nuen bodegoi ilunak-eta margotzeko, baina urteekin kolore argiei gustua hartzen joan naiz".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide