Landetako berrurbanizazio proiektura bideratuko du udalak kreditu aldaketaren zatirik handiena

Ihintza Elustondo 2026ko ekainaren 3a

Azpeitiko udal ordezkariak, atzoko osoko bilkuraren une batean. (Ihintza Elustondo)

762.755 euroko kreditu aldaketa onartu du Azpeitiko Udalak, eta 450.000 euro baliatuko dituzte Akamendi inguruan berrurbanizazio lanak egiteko. Soreasu antzokiko leihatilaren inguruan estalki bat eraikitzera bideratuko dituzte beste 110.000 euro. Era berean, foruen abolizioaz mozioa onartu dute. 

Azpeitiko udal ordezkariek ekaineko ohiko udalbatzarra egin zuten atzo, asteartea, eta hainbat gai landu zituzten. Udal aurrekontuan kreditu aldaketa bat egitea onartu zuten, eta hori izan zen osoko bilkurako puntu nagusia. Hain zuzen ere, Leire Goenaga Ogasun zinegotziak azaldu zituen horren gaineko xehetasunak. Haren arabera, udalak 2026rako aurrekontu bat onartu bazuen ere, ondoren eman zuten 2025eko likidazioaren berri, eta udalak iaztik daukan gerakina baliatuko du kreditu aldaketa egiteko. Zehazki, 762.755 euro baliatuko dituzte hainbat inbertsio berri egiteko eta dagoeneko martxan diren beste hainbat partida indartzeko.

Inbertsiorik "aipagarrienak" zein diren jakinarazi zuen Goenagak. Kopururik handiena Landetan, Akamendi inguruan, berrurbanizazio lanak egiteko baliatuko dute; hain zuzen ere, 450.000 euro baliatuko dituzte horretarako. Bestalde, Soreasu antzokiko leihatilaren inguruan estalki bat eraikitzera bideratu dituzte beste 110.000 euro. "Gainontzean, Izarraizpe ikastola publikoan komunak eraberritzeko jarritako partida handitu dugu, eta aurreikusi gabeko diru laguntza bat eman diogu Darahli elkarteari. Saharako herriarekin elkarlanean aritzen da elkarte hori, eta kamioi bat erosteko asmoa du, baina eskualdeko herrion artean ordainduko dugu". Aho batez onartu zuten kreditu aldaketa EH Bilduko eta EAJko zinegotziek. 

Era berean, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako harrera etxeen eta gizarte larrialdirako aterpeen eta bazterketa sozial arriskuan dauden pertsonentzako etxebizitzen funtzionamendu araudiari eta zerbitzuaren barne araudiari behin betiko onarpena eman zioten. Nagore Alkorta alkateak azaldu zuenez, aurreko udalbatzar batean behin-behinekoz onartu zuten araudia, baina Elkartu elkarteak alegazio bat sartu du, eta haren ekarpena kontuan izan ostean, orain behin betiko onartu dute gaia. Aho batez onartu zuten puntu hori ere. 

Foruen galera hizpide

Horrez gain, foruen abolizioaren 150. urtemuga eta Alkateen Mugimenduaren 50. urtemuga tarteko, EH Bilduk eta EAJk aurkeztutako mozioa izan zuten aztergai. Alkortak irakurri zuen mozioa atalez atal, eta, ondoren, Jabier Altuna EAJren bozeramaileak hartu zuen hitza. "Gure herriari bere burua antolatzeko zeukan modua kendu zioten. Foruak dira gure autogobernuaren eta subiranotasunaren jatorria, hori beti aldarrikatu du gure alderdiak, eta gure alderdia hori aldarrikatzeko eta lortzeko sortu zen. Eta horretan gabiltza ordutik, eta bat egiten dugu mozio honekin". Aho batez onartu zuten mozio hori ere. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide