Herriartekoaren final laurdenetako itzulikoa bihar jokatuko du Azpeitiak Hernaniren kontra

Nerea Uranga 2026ko ekainaren 4a

Ilunpeko pilotariak Herriarteko partida batean, Izarraitz pilotalekuan. (Nerea Uranga)

Eskuzko final laurdenetako itzulerakoa bihar, ostirala, 19:00etan jokatuko dute Ilunpeko pilotariek Hernaniren kontra. Abantailarekin ariko da Azpeitia, joanekoan 1-2 irabazi ziolako Hernaniri. Erremintako Herriartekoan, berriz, finalerdietako joanekoa jokatuko du Azpeitiak Andoainen kontra, igandean, etxetik kanpo.

Herriartekoan final laurdenak eta finalerdiak jokatuko ditu Azpeitiak asteburuan, hurrenez hurren, eskuz eta erremintan. Eskuz, bihar eta etxean ariko dira Azpeitiko pilolariak; erremintan, berriz, igande goizean eta etxetik kanpo.

Eskuzko final laurdenetako itzulerako pilota partidak jokatuko dituzte Ilunpeko pilotariek, bihar, ostirala, Izarraitz pilotalekuan, 19:00etan hasita. Hernani izango dute aurkaria. Abantailarekin hasiko du biharko jardunaldia Azpeitiak, izan ere joanekoa 1-2 irabazi zion Hernaniri: kadeteen mailako partidak 22-19 ihes egin zien Ilunpeko pilotariei, baina gazteen (14-22) eta nagusien (12-22) mailako partidak irabazi egin zituzten. Dena den, finalerdietara sailkatzeko, bihar kantxan errentari eusten ahalegindu eta asmatu beharko dute Azpeitiko pilotariek. 

Erremintako Herriartekoaren finalerdiei ekingo diete Azpeitiko palistek igandean, Andoainen kontra. Igandean jokatuko dituzte joaneko partidak, 11:00etan, Andoaingo Arrate pilotalekuan. Donostia bidean utzita lortu du Azpeitiak erremintako finalerdiak jokatzeko aukera.

Beste txapelketak

Gaur eta bihar Gipuzkoako Eskuz Banakako Lau eta Erdiko Txapelketako bi partida ere jokatuko dituzte etxean Ilunpeko pilotari gazteek. Gaur, osteguna, 20:15ean hasita, Ilunpeko Odriozolak Azkoitiko Oteiza elkarteko Jon Oteizaren kontra jokatuko du nagusien lehen mailako partida. Izarraitz pilotalekuan izango da neurketa.

Bihar, ostirala, txapelketa bereko beste partida bat izango da, 18:00etan, Frontoi Txikian. Kasu honetan, kadeteen bigarren mailako Ilunpeko Montorik Intza elkarteko Elolaren kontra jokatuko du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide