Festei ekiteko Mantangorriren jaitsiera bihar izango bada ere, Sanjuandegin atzo, asteazkena, hasi ziren jai giroan murgiltzen. Baigera tabernan ohiko bertso afaria egin zuten, eta jende ugari elkartu zen, Andoni Egaña eta Iker Zubeldia bertsolarien saioa bertatik bertara jarraitzera. Bi bertsolariek graziaz jardun zuten kantuan, eta barre algara ederrak eragin zizkieten afarian bildu ziren herritarrei.

Egunez egun eta pixkanaka-pixkanaka, hasiak dira Sanjuandegin giroa berotzen. Gaur, beste hainbat ekintza izango dituzte auzoan. Haurrek, esaterako, barraka egunarekin gozatu ahal izango dute; gaur 1,5 euroan eskuratu ahal izango dute barraketan ibiltzeko txartela, datozen egunetan baino euro bat merkeago. Dena den, kantujira, pintxo-potea, mus txapelketa eta musika taldeen emanaldiak ere izango dira. Edu Zardoya eta Mala ruina taldeak Jim Clark eta Garoa tabernen atarian arituko dira 22:00etatik aurrera.
Hona hemen datozen egunetako jaien egitaraua:
Ekainak 4, osteguna
- 19:00. Kantujira eta pintxo-potea.
- 21:00. Mus txapelketako izen ematea.
- 22:00. Mus txapelketa, Ongi Etorri erretegian.
- 22:00. Iluntze musikatua Jim Clark eta Garoa tabernen atarian: Edu Zardoya eta Mala ruina taldeak.
Ekainak 5, ostirala, Gazte Eguna
- 15:00. Kafea eta auzolana.
- 18:45. Elkarretaratzea Palestinari elkartasuna adierazteko.
- 19:00. Mantangorriren ongietorria, Jose Antonio Agirre plazan.
- 19:05. Kalejira buruhandiekin, erraldoiekin eta trikitilariekin.
- 21:00. Gazte afaria.
- 23:00. Areto dantzen emanaldia.
- 23:00. Kontzertuak karpan: Istilu, Verrater eta Laket.
- Gainera, herriko DJak txosnan: Traka eta matraka, Enesound eta Meritron.
Ekainak 6, zapatua Auzo Eguna
- 10:30. Xake txapelketa.
- 11:00. Judo erakustaldia.
- 12:00. Txakolin dastaketa.
- 13:00. Udal Musika Bandaren kontzertua.
- 15:00. Auzo bazkaria.
- Ondoren, bingoa.
- 18:00. III. Trikifree trikiti emanaldia.
- 18:30. Txokolatada.
- 19:00. Erraldoiekin eta buruhandiekin kalejira, eta Hamarru elektrotxaranga.
- 20:00. Parrillada.
- 22:00. Kontzertuak, Lukiek eta Ezpalak taldeen eskutik.
- Ondoren, Tintz DJa karpan, eta herriko DJak txosnan: House one, Larre, Oier eta Erlo.
Ekainak 7, igandea Resaka Eguna
- 11:00. Artisau azoka.
- 11:30. Dantzari txikien emanaldia.
- 16:00. Zezena Jose Antonio Agirre plazan.
- 18:00. Herri kirol jaialdia.
- 19:45. Boletoen zozketa.
- 20:00. Mantangorriren agur ekitaldia.