Hemen datoz Elizkaleko Korputz festak, eta ohitura duten modura, bihar Erretz Txapelketa egingo dute atariko gisa. Xiriako kafetegian egingo dute, 17:00etan hasita, eta izen-ematea tabernan bertan egin beharko da.
Festetan bete-betean, berriz, ostegunean murgilduko dira Elizkalean. 18:00etan ekingo diete festei, txupinazoarekin, eta jarraian, musika eskolako gaztetxoek kalejira egingo dute. Ondoren, buruhandiak ibiliko dira, 19:00etan, meza egingo dute hil diren kaleko bizilagunen omenez. 20:00etatik aurrera, berriz, Andoni Ollokiegik emanaldia eskainiko du Mendizaliek tabernaren atarian.
Ostiralean, Juan Antxieta musika eskolak gaztetxoek kalejira egingo dute 18:00etan, eta haiei Kantu Jirakoek hartuko diete erreleboa, 19:00etan. Iluntzean, 20:30etik aurrera, Porru DJ musikariaren txanda izango da.
Elizkalekoentzat, baina, larunbata izango da festetako egun handia. Eguerdian hasiko da festa, Itsasi taldeko dantzariekin, eta arratsaldean berriro ere kalea hartuko dute herritarrek trikitilarien laguntzarekin. 20:00etan lagunarteko afaria egingo dute, Main tabernan; aurrez izena eman beharko da, tabernan bertan. 20:30etik aurrera, Imuntzo eta Belokik hartuko dute festa girotzeko ardura.
Hona hemen Korputz jaietako egitaraua, osorik:
Ekainak 11, osteguna
- 18:00. Jaien hasiera, txupinazoarekin.
- 18:15. Musika eskolako gaztetxoen kalejira.
- Ondoren, buruhandiak.
- 19:00. Meza, kaleko hildakoen alde.
- 20:00. Andoni Ollokiegiren emanaldia, Mendizale tabernaren aurrean.
Ekainak 12, ostirala
- 18:00. Juan Antxieta musika eskolako gaztetxoen kalejira.
- 18:15. Buruhandiak.
- 19:00. Kantu Jirakoen kalejira.
- 20:30-01:00. Porru DJaren emanaldia.
Ekainak 28, larunbata
- 13:00. Itsasi taldeko dantzariak.
- 19:30. Trikitilarien kalejira.
- 20:00. Lagunarteko afaria, Main tabernan.
- 22:30. Imuntzo eta Belokiren emanaldia.
- 24:00. Zozketako zenbaki sariduna aterako dute.