Hazten eta hazten ari da San Sebastian bezperako helduen danborrada, gero eta jende gehiagok nahi duelako parte hartu. Hala, beste hiru taldek egin dute San Sebastian bezperako danborradan ateratzeko eskaera: Udal Euskaltegiak, Bertan Merkatari Elkarteak eta Santiyo taldeak. Era horretan, 36 taldek irtengo dute datorren urteko helduen danborradan.
Danborradako talde berri baten sorrera baimendu ahal izateko, irizpide batzuk ditu finkatuta Azpeitiko Udalak, eta eskaera egin duten hiru taldeek baldintzak betetzen dituztela esan du Mikel Odriozola Festa batzordeburuak, eta parte hartzea mugatzeko arrazoirik ez dutela ikusten gaineratu du. "Are gehiago, jendeak herriko festa batean parte hartzeko halako gogoa izatea pozgarria eta harro egoteko modukoa da", azpimarratu du. "1.800 pertsonaren bueltan ibiliko da helduen danborrada, eta Azpeitia bezalako herri batentzat, hori izugarria da".
Espazio faltaren erronka
Danborrada hazteak eta talde gehiago batzeak, ordea, plazako espazio faltaren erronkari heltzea ekarri die danborradaren antolatzaileei eta udalari. "Azken urteotan, talde bat gehiago sortu izan den bakoitzean, galdera bat atera izan da: Ba al dago denentzako tokirik plazan?". Hiru talde berri danborradara gehituta, gaiari heltzeko ordua iritsi dela adiaerzi du Odriozolak. "Lehendik ere oso larri ibiltzen ginen plazan denok sartzeko, eta 36 talderekin, ez gara sartuko. Beraz, espazio faltari erantzuteko formulak aurkitu beharko ditugu".
Horrez gainera, Festa batzordeburuaren esanetan, San Sebastian bezperako danborradaren amaiera kioskoaren atzean edo Azoka Plazaren aurrealdean egokitzen zaienek ere "ez dute bete-betean bizi" plazako giroa. "Danborradatik kanpo egoten dira eta nahaste handia sortzen da", erantsi du.
Bi proposamen aukeran
Espazio faltari erantzuteko hainbat aukera aztertu ditu danborradako batzordeak –udal ordezkariek eta txandaka aldatzen diren zenbait taldetako ordezkariek osatzen dute–, eta bi onetsi ditu. Atzo, asteazkena, batzordekideak danborradako talde guztietako ordezkariekin bildu ziren, eta han azaldu zizkieten bi aukerak.
- Danborradak gaur egungo ibilbidea mantentzea, baina parrokian geratu gabe. Plaza Txikira iristean, lehen hamabi taldeak, Done Jakue Kalean behera, parrokiara joango lirateke, eta gainerako 24ak, ohi bezala, plazara. Era horretan, bi tokitan banatuta joko lituzkete San Sebastian martxa eta haren aurreko eta ondorengo piezak. Parrokian egokitzen zaien taldeek parrokian bukatuko lukete danborrada, eta plazakoek, plazan. Parrokiakoek Udal Musika Bandak kioskoan jotzen duen musika entzungo lukete bozgorailuetatik, eta pantaila bat jarriko litzateke parrokiaren atarian, plazako giroa ikusteko.
- Lehen proposamenaren berdina, baina ohiko pieza guztiak jo ondoren, parrokian jotzea egokitu zaien hamabi taldeek plazara joateko aukera izango lukete, han beste pieza batzuk jo ahal izateko. Proposamen horrekin, aldi berean ez, baina talde guztiek izango lukete plazan jotzeko aukera San Sebastian bezperan. Zertxobait luzatu egingo litzateke danborrada.
Danborrada batzordearen proposamena da txandaka taldeak aldatzen joatea da: bi urtean plazan joz eta batean parrokian.
Atzo taldeetako ordezkariekin egindako bileran, danborrada batzordearen bi proposamenak aurkeztu ostean, bi hitzordu berri jarri zituzten. Ekainaren 16ra bitartean, taldeek ekarpenen bat edota beste proposamen bat aurkezteko aukera izango dute. Eta ekainaren 30ean, danborradako talde guztien ordezkariekin bilduko da berriro danborrada batzordea, erabaki bat hartzeko.