Lesboseko (Grezia) errefuxiatuen kanpamenduetara bidaltzeko janari bilketa abiatu du Azpeitiko Ikastola Ikasberriko ikasle talde batek. Bilketarekin, errefuxiatuen kanpamenduetara elikagaiak bidaltzeaz eta bertan otorduak prestatzeaz nahiz horiek banatzeaz arduratzen den Zaporeak elkarteari laguntzeko asmoa dute.
Adierazi dutenez, lekaleak, kontserbak, makarroiak eta olioa dira behar dituzten elikagaiak. Horiek ikastolan bertan jasoko dituzte ekainaren 12a baino lehen, eta baita hilaren 12an bertan ere, Ikasberri ikastolaren festa ospatuko baitute egun horretan.
Janari bilketan ahalik eta herritar gehienek parte hartzea nahi dute, "Lesboseko errefuxiatuek guztien laguntza eskertuko dutelako". Honako idatzia prestatu dute herritarrak parte hartzera deitzeko:
"Kaixo Gukako irakurle guztioi!
Azpeitiko Ikastola Ikasberriko DBH3ko ikasleak gara. Ikasturteko hirugarren ebaluazioan, Gizarte Zientziak ikasgaian, Zaporeak elkarteari lagundu nahian, proiektu bat burutzea egokitu zaigu. Zehazki, Lesboseko errefuxiatuen kanpamenduetan dauden iheslariei laguntzeko asmoa dugu janari bilketa baten bidez.
Horretarako, lehenengo, Koldo Aldalur kazetari euskalduna eta ikastolako guraso ohia Zaporeak proiektuak zertan datzan azaltzera etorri zen, Ikastolako irakasle ohi batzuekin batera. Aldalur boluntario lanetan aritu zen Lesbos uhartean. Lesbosen Europara ihes egiten saiatzen diren errefuxiatuak daude, eta oso bizi baldintza txarretan bizi dira bertan. Esaterako, ur eta janari nutritibo falta dute, nahiz eta beste herrialdeetako boluntarioek elkarteari ematen dizkioten produktuei esker bertako egoera hobetzen ari den; hala ere, oraindik ere arazo ugari dituzte. Aldalurrek zehaztu zigunez, egunean 2.500 otordu banatzen dituzte, baina Lesbosen errefuxiatuen kopurua izugarria denez, zehazki 13.000, horietako errefuxiatu ugari janari gabe geratzen dira. Bestalde, behar bereziak dituztenek lehentasuna dute, adibidez, haurdun dauden emakumeek, haurrek, gaixotasunak dituztenek…
Ikastolako ikasleei, Lesboseko iheslarien egoeraren eta behar ditugun janarien inguruko informazioa eman genien.
Orain gure helburua litzateke ahalik eta pertsona gehienek janari bilketa honetan parte hartzea. Nahiz eta urruneko leku bat izan, gutako edonork bizi lezake horrelako egoera bat, eta guztioi gustatuko litzaiguke laguntza jasotzea. Hortaz, Lesboseko errefuxiatuek eskertuko dute zuen laguntza.
Hauexek dira, zehazki, behar ditugun produktuak: lekaleak, kontserbak, makarroiak eta olioa. Mesedez, ekar itzazue gure ikastolara ekainaren 12a baino lehen edo egunean bertan, ikastolaren festa ospatuko baitugu.
Animatu zaitezte!
Azpeitiko Ikastola Ikasberriko DBH3ko ikasleak"