"Hemen bizi al da Jose Orbegozo?"

Nerea Uranga 2026ko ekainaren 5a

Jose Luis Orbegozo zinemagile eta produktorea, Azpeitiko Baiolegin. (Nerea Uranga)

Jose Orbegozo aitonaren jatorriari buruzko jakin-minari segika, dokumentala egiteko proiektua hasi du Jose Luis Orbegozo zinemagile eta produktore kolonbiarrak. Altzagako orbegozotarrak liburuaren berri jakinda, orain zortzi urte iritsi zen Elosiagako Altzaga baserrira. Orain, Euskal Herria, Kolonbia eta New York lotuko dituen ikus-entzunezko proiektua abiatu du.

Orain dela zortzi urte inguru iritsi zen Azpeitiko Elosiagako Altzaga baserrira Jose Luis Orbegozo zinemagile eta produktore kolonbiarra, aitonaren arbasoen arrastoei segika. "Frantziako iparraldera joan nintzen iloba bat bisitatzera, eta han Irterneten begira ari nintzela, Azpeitian berrehun orbegozotar elkartu zirela azaltzen zuen artikulu bat aurkitu nuen. Haiek elkartzeko aitzakia Manolo Cainzosek egindako Altzagako orbegozotarrak liburua izan zela aipatzen zen artikuluan. Hala bada, autoa hartu eta Altzaga baserrira bidaiatu nuen".

Bide batean eta bestean galduta ibili ostean, iritsi zen halako batean Altzaga baserrira. Atea jo, eta zera galdetu zuen: "¿Aquí vive Jose Orbegozo? [Jose Orbegozo hemen bizi al da?]". Hara non, hantxe bizi zen Jose Orbegozo, eta hura eta haren senideak ezagutzeko aukera izan zuen arratsalde hartan bertan zinemagileak. "Oso une berezia eta ederra izan zen, jator eta beso zabalik hartu ninduten".


Altzaga baserriaren sarrera. (Jose Luis Orbegozo)

Zerk bultzatuta egin zuen, ordea, Altzagarako bidaia hura? "Gure aitonak Jose Orbegozo izena zuen, eta Kolonbian herriz herri elizen eraikuntzan egin zuen lan. Eraiki zuen elizetako bat Boyacakoa izan zen, eta han jaio zen gure aita. Aitak kontatzen zigun aitonaren arbasoak euskaldunak zirela, baina aitona nahiko misteriotsua zela, eta ezer gutxi zekitela hari buruz. Aita bezala, ni neu ere jakin-min handikoa naiz, eta arrastoei segika hasi nintzen".

Dakien bidetik osatu nahi du Jose Orbegozoren arbasoen arrastoa zinemagileak: film dokumental batekin. Orain dela 27 urtetik New Yorken bizi da, hango Columbia unibertsitatean ikasi zuen, eta orain The City University of New Yorken CUNY telebistarako egiten du lana; telebista saio bat du eta tokian tokiko zinema jaialdiekin eta eskolekin elkarlanean aritzen da. "Nire lana da zinemagile gazteen lana sustatzea eta beren lanak erakusteko plataforma bat eskaintzea", azaldu du.

Bidaia baten lotura

Urtarrilean emaztearekin eta seme-alabekin etorri zen Euskal Herrira, eta New Yorkera bueltan, Euskal Herrian ezagututako orbegozotarrek kontatutakoekin-eta zerbait egin behar zuela pentsatu zuen. Hala, emazteak animatuta, Aqui vive Jose Orbegozo? Jose Orbegozo hemen bizi al da? Zenbat bizimodu izan ditzake izen bakar batek? dokumentala egiteko proiektuari ekin zion.

"Altzaga baserrian mendeetan bizi dira orbegozotarrak. Hara bizitzera joandako aurrenak Jose Orbegozo zuen izena, eta gaur egun Jose Orbegozo da han bizi dena ere. Altzaga segida baten adibide da, belaunaldiz belaunaldi mantendu den abizen batena, Euskal Herriko historian eta geografian iltzatuta dagoena. Orbegozotarren historian, une batean, pertsona batek Kolonbiara migratu zuen, eta han beste bizimodu bat egin zuen. Gure aita ere Boyacatik Bogotara joan zen bizitzera; ni, berriz, Bogotan jaio nintzen, baina New Yorkera migratu nuen eta han bizi naiz gaur egun". Euskal Herria, Kolonbia eta New York arteko bidaian du muina ondu nahi duen filmak: "Abizen bereko familia batekin topo egiteak bultzatu ninduen proiektuari ekitera. Azken finean, arbasoen inguruko jakin-min horrek, memoriaren, migrazioaren, diasporaren eta izen bakar batek barnebildu dezakeenaren esplorazio intimoari ematen dio bidea".


Altzaga baserriko Jose Orbegozo Galarraga. (Jose Luis Orbegozo)

Egunotan Euskal Herrian dago kolonbiarra, bere proiektuarentzako baliabideak lortzeko hainbat bilera dituelako produktoreekin, erakunde publikoetako nahiz beste eragile batzuetako ordezkariekin. Izan ere, berak nahi duena dokumentala koprodukzio bat izatea da.

Era berean, dokumentaleko protagonistak izango direnei elkarrizketa motzak grabatzen ari da, hala nola Altzagako Jose eta Oihana Orbegozo aita-alabei eta Maria Luisa Orbegozori. Horiez gainera, Altzagako orbegozotarrak liburuaren egilearekin ere elkartu da.


Oihana Orbegozo, Altzaga baserrian. (Jose Luis Orbegozo)

Altzagakoez gain, Kolonbiako orbegozotarrak ere izango ditu protagonista dokumentalak: Clara Ines eta Juanita Orbegozo, Jose Luisen arreba eta alaba. "Askotariko ahots, begirada eta ikuspegiak jaso nahi ditut, bakoitzak bere esperientziatik kontakizun propioa daukalako". Gainera, protagonisten ahotsak beren hizkuntzan jasoko ditu. "Ni ere ari naiz euskarako klaseak jasotzen. Hizkuntza zoragarria da".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide