Hernanik kanporaketa irauli du Azpeitian

Andoni Elduaien 2026ko ekainaren 6a

Azpeitikoak, atzo, sakea ateratzen. (Nerea Uranga)

Ozta-ozta, baina jokatutako hiru partidak irabazi zituen Hernanik atzo Izarraitz pilotalekuan, eta Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finalerdietara sailkatzeko urratsa egin du. Erremintako taldeak bihar goizean jokatuko ditu Andoainen finalerdietako joaneko partidak. 

Pilota borobila da, baina egun batzuetan alde batera erortzen den bezala, besteetan beste aldera eman ohi du botea. Azpeitiko Ilunpe elkartekoek Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketaren final laurdenetako itzulerako partidak jokatu zituzten atzo, ostirala, Izarraitz pilotalekuan, eta Hernanikoek mutu utzi zuten frontoia. Arratsaldeko hiru partidak irabazi zituen Hernaniko taldeak, eta beraz, finalerdietara sailkatu da. 

Hernanin jokatutako joanekoan emaitza aparta lortu zuen Azpeitiak, 1-2 irabazi baitzuen. Atzo ez zuten urrun izan beste puntu bat lortzea, baina, azkenean, Hernanik lortu zuen helburua. Nola kadeteetan, hala gazteetan, 21-22 galdu zuen Azpeitiak. Kadeteetan, Ansola eta Beristain aurretik izan ziren markagailuan 21na berdindu arte, baina 22. tantoa Hernanikoen aldera erori zen. Gazteen mailan, berriz, Arsuaga eta Artetxe aritu ziren Ilunpe ordezkatzen, eta partida zinez estua jokatu zuten. Azken aldera bi-hiru tanto aurretik ere izan zen Azpeitiko bikotea (21-18), baina Hernanikoek lau tanto jarraian egin zituzten, eta aurrea hartu zuten kanporaketan.

Nagusien mailako azken partidak ebatzi behar izan zuen kanporaketa. Ikusmin handia piztu zen jendez lepo bete zen Izarraitz frontoian, eta alde batekoen zein bestekoen tantoak gogotik ospatu zituzten beren aldeko herritarrek. Lehia gogorra jokatu zuten, baina, azken aldera, Hernanikoak gehiago izan ziren, eta 16-22 irabazi zuten. Hori hala, Hernanikoek lortu dute finalerdietara sailkatzea. Orain, azken lau urteetan txapela jantzi duen Oiartzun izango dute kontrario haiek. Txapelketaren beste adarreko finalerdietan, berriz, Bergara eta Aduna arituko dira nor baino nor gehiago. 

Palistek, bihar 

Erremintako Herriartekoaren finalerdiei ekingo diete Azpeitiko palistek bihar, Andoainen. Andoaingo Arrate pilotalekuan jokatuko dituzte joaneko partidak, 11:00etan hasita. Donostia kalean utzita lortu du Azpeitiak erremintako finalerdiak jokatzeko aukera. Beste finalerdia, berriz, Debak eta Errenteriak jokatuko dute. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide