Sanjuandegiko festak 2026

Kirola, txakolina eta musika, Sanjuandegiko Auzo Egunari ekiteko

Ihintza Elustondo 2026ko ekainaren 6a

Auzo Eguna ospatzen ari dira gaur Sanjuandegiko jaietan. Goizean, xake txapelketa, judo erakustaldia, txakolin dastaketa eta Udal Musika Bandaren kontzertua izan dira. Arratsaldean jarraituko du egitarauak. 

Biharamuna izan ala ez, Sanjuandegiko auzotarrek festa giroan murgilduta jarraitzen dute. Gaur, larunbata, Auzo Eguna ospatzen ari dira, eta goizean goizetik hasita, askotariko ekintzak izan dituzte. 10:30ean, xake txapelketa jokatu dute igerilekuaren aurreko aterpean, eta ondoren, 11:00etan hasita, judo erakustaldia egin dute Jose Antonio Agirre plazan. 

Eguerdian iritsi da aurtengo jaietako berrikuntza; hain zuzen ere, Getariako Txakolinaren Eguna egin dute, bederatzigarrenez. Aurreko urteetan Perez Arregi plazan egin izan dute txakolinaren bueltako festa, baina aurten hitzordu hori Sanjuandegiko jaietako egitarauari batzea erabaki dute. Getariako txakolina jatorri izena duten zortzi upategitako edariez gozatzeko aukera izan dute bertaratu direnek: Aizpurua, Akarregi Txiki, Arregi, Basa Lore, Gaintza, Gañeta, Rezabal eta Txomin Etxaniz.

Gainera, edariari laguntzeko, Premietxeberri baserrikoen gazta pintxoak eta Eusko Labelen solomo mokaduak ere eskuragarri izan dira. Azpeitiko Gaixoen eta Elbarrien Aisialde Taldea arduratu da pintxo horiek banatzeaz. Dastaketa egin duten bi ordu horietan Bankako Menditarrak taldeko kideak arduratu dira giroa alaitzeaz.

Bestalde, 13:00etan, Udal Musika Bandaren kontzertua izan da karpan. Ekintza batean ala bestean, jende ugari elkartu da auzoan. 

Arratsaldean jarraituko du festak. Hona hemen egitaraua:

  • 15:00. Auzo bazkaria.
  • Ondoren, bingoa.
  • 18:00. III. Trikifree trikiti emanaldia.
  • 18:30. Txokolatada.
  • 19:00. Erraldoiekin eta buruhandiekin kalejira, eta Hamarru elektrotxaranga.
  • 20:00. Parrillada.
  • 22:00. Kontzertuak, Lukiek eta Ezpalak taldeen eskutik.
  • Ondoren, Tintz DJa karpan, eta herriko DJak txosnan: House one, Larre, Oier eta Erlo.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide