Naroa Uria mendi lasterkari azpeitiarrak irabazi du EH Mendi Erronka (EHME) proba. 08.05.17 denboran osatu du hark 67 kilometroko ibilbidea. Bigarren postuan, Altsasuko (Nafarroa) Olatz Azazeta sailkatu da, eta hirugarrengoan, Miren Bastida azpeitiarra. Azazetari 6 minutu eta 43 segundoko aldea (08.12.00) atera dio Uriak, eta Bastidari, 16 minutu eta 29 segundokoa (08.21.46).
08:00etan abiatu dira partaideak Leitzako (Nafarroa) plazatik; 450 bat lagun atera dira 67 kilometroko eta 7.200 metroko desnibel positiboa zuen ibilbidea egitera. Guztira, zazpi gailurretatik igaro behar izan dute lasterkariek, eta azpeitiarra aurreneko bi postuetan igaro da beti. Dena den, azken 21 kilometroak lasterketaren buruan egin ditu Uriak.
Mendi lasterketa soila izateaz gain, EHMEk bere oinarrian beste helburu batzuk ere baditu, hala nola euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzea, Mendialdea-Aralar eskualdearen garapena bultzatzea, ingurumenaren babesean eragitea eta euskara sustatzea dira probaren helburuak.