Zabaldu dute Sorginorratzaken bigarren edizioan izena emateko epea

Nerea Uranga 2026ko ekainaren 8a

Sorginorratzaken aurtengo ikasturteko saio bat. (Kulturaz)

Gaztetxoen kultur sormen laborategiak bigarren edizioa izango du 2026-2027 ikasturtean. Ekainaren 19ra arte eman ahal izango da izena Sorginorratzaken. Bi talde osatuko dituzte: bata, LH3 eta LH4ko ikasleena, eta bestea, LH5 eta LH6koena. Asteazken arratsaldeetan egingo dituzte saioak.

Sorginorratzak kultur eskaintza herrikoia Azpeitiko hiru ikastetxeetako guraso elkarteetako ordezkariek abiatutakoa da, Kulturaz kultur kooperatibarekin elkarlanean eta Azpeitiko Udalaren babesarekin. 2025-2026 ikasturteko emaitza "oso positiboa" izan dela ikusita, datorren ikasturtean (2026-2027) berriro eskaintzea erabaki dute, gaztetxoei hainbat kultur diziplina probatzeko eta horiekin esperimentatzeko aukera eskainiz. Izena emateko epea ekainaren 19ra artekoa da, eta honako loturan egin beharko da.

Datorren urteko Sorginorratzak eskaintzan bi talde osatuko dituzte: 8-10 urte (LH3-4) arteko ikasleena izango da bata, eta 10-12 urtekoena (LH5-6) bestea. Bi taldeek asteazkenetan izango dituzte saioak: lehenengo taldeak 17:15etik 18:15era eta bigarrenak 18:30etik 19:30era.

Bi taldeek hainbat diziplinatako zortzi tailer izango dituzte, diziplina bakoitza lau saiotan landuz. Hala, Dinamoa sormen guneko hitzaren, irudiaren, soinuaren eta gorputzaren eremuetan sortzeko, ikasteko eta jolasteko aukera izango dute Sorginorratzaken parte hartzen dutenek. Hona hemen Sorginorratzaken eskuorria.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide