Azpeitiko EAJk auzoetako espaloiak konpontzeko eskatu dio EH Bilduri

Iraia Oteiza 2026ko ekainaren 8a

Herriko espaloietako baten irudia. (Azpeitiko EAJ)

Jeltzaleen arabera, herriko hainbat auzotako kaleak "egoera tamalgarrian" daude, eta bizilagunen mugikortasuna zailtzen dute. Egoera hori EH Bilduren "urteetako arduragabekeriaren emaitza" dela diote, eta "premiaz" eskatu dute asfaltatzeko eta espaloiak birgaitzeko lanak "berehala" has daitezela eremu kaltetuenetan. 

Azpeitiko EAJk salatu duenez, herriko hainbat auzotako kaleak "egoera tamalgarrian" daude. Sanjuandegi, Jose Artetxe eta Zelai Luze lirateke kaltetutako guneetako batzuk, eta horietan asfaltoaren eta espaloien egoera "larria" dela iritzi diote. Talde jeltzalearen arabera, EH Bilduk "erabateko ezintasuna" du gune horietako "azpiegitura arazo larriak" konpontzeko. "Egoera hori ez da ezustekoa, ezta berria ere; herritarren eskaerei erantzuten ez dakien gobernu baten urteetako arduragabekeriaren emaitza da", adierazi du. 

Hori horrela, EAJren arabera, Tokiko Gobernuaren "ekintza eta plangintza faltak" azpeitiarren ongizatearekiko "konpromiso falta" agerian uzten du, eta oinezkoen eta gidarien segurtasuna "arrisku larrian" jartzen du. "Lotsagarria da, hainbeste denbora igaro ondoren, EH Bilduren gobernuak neurri eraginkorrik hartu ez izana. Azpeitiko kaleak eta espaloiak hondatuta daude, batez ere adinekoentzat eta mugikortasun urriko pertsonentzat. EH Bilduren geldikeria puntu batera iritsi da, non erorketengatik eta lesioengatik salaketak dauden”, gaineratu dute jeltzaleek. 

Gauzak horrela, EAJren udal taldeak "premiaz" eskatu du asfaltatzeko eta espaloiak birgaitzeko lanak "berehala" has daitezela eremu kaltetuenetan, "egutegi argiarekin eta benetako konpromisoarekin", azpeitiarrak segurtasunez ibili ahal izan daitezen. “Ulertezina da onartutako aurrekontuekin EH Bilduk ezer egin ez izana”.

EAJk egoera hori "koiunturala ez dela" adierazi du, "aspaldikoa baizik", eta horrek erakusten duela baliabide publikoak eraginkortasunez kudeatzeko "gaitasun falta" dagoela. "Ez da nahikoa obrak agintzea, egin eta ondo egin behar dira. EH Bilduren gelditasunarekin,  aurrera egiten ez duela dirudien udalerria dirudi Azpeitiak", adierazi dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide