Ekainarekin batera, Xaltori harrera egiteko unea iristen da Iturritxiki eta Txiki Txoko ludoteketan. Gaur ekin diote Xalto Xaltuek egitasmoaren laugarren edizioari, eta haur zein guraso ugari animatu da Azpeitiko ludoteketako hezitzaileek antolatutako ekintzetan parte hartzera. Txandaka egiten dituzte Xalto Xaltuek egitasmoaren barruko ekintzak, urte batean Sanjuandegin eta hurrengoan Alde Zaharrean. Aurten, izatez, Iturritxiki ludotekaren aurrean egitea tokatzen zen, baina Done Jakueko plazatxoa oraindik obretan dagoenez, Sanjuandegiko plazan egin diote harrera Xaltori.
17:30ean bota dute suziria, eta ondoren askotariko jolasetan aritzeko aukera izan dute bertaratu diren haurrek eta gurasoek; besteak beste, aurpegi margoketan, ahatetxoak arrantzatzen, marrazkiak edo ponpak egiten nahiz jolas libreetan.
Bihar, asteartea, 17:30ean, Jose Antonio Agirre plazan bingoan jolastuko dute, eta asteazkenean, hilak 10, Axpin, Antolin eta Carmelin pailazoen ikuskizuna izango da ordu eta leku berean. Haurrek guraso edota tutore batekin joan beharko dute ekintzetara, eta haien ardurapean egongo dira.
Asteartetik aurrera, gazteen txanda
Gaztelekuan ere aste berezia izango dute. Bihar, asteartea, Iago Magoren ikuskizuna izango dute; asteazkenean, ekainaren 10ean, ping-pong txapelketa jokatuko dute, eta ostegunean, ekainaren 11n, ikasturtea bukatzeko bazkaria eta bingo musikatua egingo dituzte. Ekintza berezi horietan parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko dute gazteek, Gaztelekuan bertan.