Adimen urritasuna dutenentzako udaleku eskaintza berria antolatu dute

Nerea Uranga 2026ko ekainaren 9a

Adimen urritasuna duten Azpeitiko eta Azkoitiko udalekuen aurkezpena. (Nerea Uranga)

Guraso talde baten eskaerari erantzunez, adimen urritasuna duten Azpeitiko eta Azkoitiko gazteentzako udarako aisialdiko eskaintza prestatu dute bi herrietako udalek, Atzegirekin elkarlanean. Ekainaren 8tik uztailaren 24ra artean izango dira, elkargunea Azpeitiko Atzegiren egoitza hartuta. Eskaintzan asteka edota zazpi asteetarako eman daiteke izena ekainaren 17a bitartean.

Udako haur eta gazteen aisialdi eta kirol eskaintzari aukera berri bat gehituko diote Azpeitiko eta Azkoitiko udalek, Atzegirekin elkarlanean. Adimen urritasuna duten 18 eta 30 urte arteko gazteentzako udalekuak antolatu dituzte, atzo hasi eta uztailaren 24ra arte. Udaleku irekietako eskaintza berrian asteka edota zazpi asteetarako eman dezakete izena hala nahi dutenek ekainaren 17ra bitartean. Izena emateko Azpeitiko edota Azkoitiko Gazteria sailetara jo beharko da.

Udarako prestatu duten aisialdi eskaintzaren nondik norakoak atzo azaldu zituzten Azpeitian Atzegiren eta Txolarteren egoitzan, Leire Goenaga Azpeitiko Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak, Sonia Vazquez Azkoitiko Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak, Nerea Gago Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako arduradun teknikoak, Aloña Larrañaga Jauzika heziketa elkarteko arduradunak eta Nekane Ariztondo nahiz Esther Olaizola Atzegiko ordezkariek.

Guraso talde batek Azpeitiko Udal Gizarte Zerbitzuetara jo zuten hutsune baten berri emanez. "Kolektibo bat udan zerbaiten faltan aurkitzen zela azaldu ziguten, eta haurrei nahiz gazteei eskaintzen zaien udako kirol eta aisialdi eskaintza haiei ere eskaintzea erabaki genuen", azaldu du Azpeitiko Udal Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak. "Inklusioa eskubide bat da, eta udalak kolektibo denen beharrei erantzun behar diegu", gaineratu du Azkoitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak.

Pozik eta eskertuta

Gazteen gurasoak eta Atzegiko ordezkariak "poz-pozik eta eskertuta" azaldu dira aurtengo udan bi udalek haien seme-alabentzako eskainiko duten aisialdi eskaintzarekin. Izarraitz Lanbide Heziketan azken ikasturtean urritasun intelektuala duten gazteentzako prestakuntza egokituaren proiektu pilotu bat jarri abiatu dute, baina ikasturtea ekainaren 5ean bukatu zuten. "Azkoiti-Azpeitiko bost gaztek egin dute ikasturte hori, baina orain oporretan daude irailera bitartean. Beraz, zer egin behar dute hiru hilabete hauetan? Horregatik jo genuen gizarte zerbitzuetara. Orain, udako aisialdirako prestatu duten eskaintzarekin pozik eta eskertuta gaude", azaldu du Ariztondok, udalekuen eskaintza berrian parte hartzen ari den gazte baten amak.

Eskaintza berriari esker, adimen urritasuna duten Azpeitiko eta Azkoitiko gazteek ere, beste gazte guztiek bezala, aisialdi eskaintzarekin gozatzeko, lagun berriak egiteko edota kirola egiteko aukera izango dute aurtengo udan. Olaizolak, Atzegiren eskualdeko ordezkariak, udaleku berriak eskaintzeko bi udalek azaldutako borondatea eskertu du, eta adierazi du Atzegiko eta Txolarteko kide ez diren gazteek ere parte hartzeko aukera izango dutela aisialdi eskaintzan, eta izena ematera animatu ditu.

Eskaintza eta izen ematea

Jauzika heziketa elkartea arduradutako da udaleku berrien eskaintzaz. Elkartearen arduraduna den Larrañagak adierazi du, Azpeitiko beste udaleku irekietan bezala, herriko baliabideak erabilita eta beste eragile batzuekin elkarlanean egingo dituztela ekintzak, beti ere udalekuetara joaten direnen nahiei eta gustuei erantzuteko asmoz. Horrez gainera, haur eta gazteen udako aisialdi eskaintzan parte hartzen dutenekin ekintza bat edo beste egitea aurreikusten dutela gaineratu du. "Aste honetan hasi gara taldearekin, eta gure esperientziatik abiatuko gara. Aurreneko egunak, begiraleek taldea ezagutzeko izango dira, eta haien nahien arabera prestatuko dituzte ekintzak. Gainontzeko udalekuetan bezala, saiatuko gara ekintzak kanpoan egiten: igerilekura, kiroldegira joanez, dantza egitera...”, azaldu du Jauzikako arduradunak.

Adimen urritasuna dutenentzako udalekuak hasita daude dagoeneko eta uztailaren 24ra arte izango dira, astelehenetik ostiralera 09:00etatik 13:00etara, Azpeitiko Atzegiren egoitzan elkartuta. 18-30 urte artekoek parte hartu dezakete, eta izena ekainaren 17rako eman behar dute. Aste bakoitza 45 euro kostatuko da eta zazpi asteak 200 euro. Izena emateko Azpeitiko Gazteria sailera (943-15 71 61) edota Azkoitiko Gazteria sailera (943-02 60 27) deitu daiteke edota honako loturaren bidez.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide