Oier Etxeberriak parte hartuko du 19. Bertsolari Txapelketa Nagusian

Onintza Lete Arrieta 2026ko ekainaren 9a

Bertsolari Txapelketa Nagusiko aurkezpen ekitaldian lurraldeetako ordezkariak; lehen lerroan eskuinean, Oihana Aranguren Gipuzkoako elkartearen ordezkari azpeitiarra. (Bertsozale Elkartea)

Irailaren 19an hasiko da Hazparnen Bertsolari Txapelketaren 19. edizioa, eta abenduaren 20an jokatuko da finala Iruñeko Nafarroa Arenan. Hamabost saio izango dira guztira. Emanaldietarako sarrerak datorren astean jarriko dituzte salgai. Oier Etxeberriak irailaren 26an Altsasun izango den saioan kantatuko du.

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren 19. edizioa irailaren 19an hasi eta abenduaren 20an amaituko dela jakinarazi berri du Bertsozale Elkarteak, baita hamabost saiok osatuko dutela ere. Hazparnen (Lapurdi) abiatuko da, eta 2022an bezala, Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko da finala.

50 bertsolarik hartuko dute parte aurtengo edizioan, eta aurreneko fasean 42 ariko dira kantuan, lau Arabatik, hamar Bizkaitik, hamasei Gipuzkoatik, zazpi Nafarroatik eta bost Xilabatik sailkatuak. Horien artean dago Oier Etxeberria azpeitiarra. Horiekin batera, hamalau lagunek osatuko dute gai-jartzaile taldea, eta 21 izango dira epaile lanetan arituko direnak.

Aurreneko fasean bertsolari bakoitza non eta norekin lehiatuko den zehaztuta dago, eta horren berri ere eman dute. Etxeberriak irailaren 26an kantatuko du, Altsasun (Nafarroa). 17:00etan hasiko da saioa, Burunda pilotalekuan. 

Sarrerak hurrengo astetik aurrera salgai

Saio guztietarako sarrerak ekainaren 17an, hurrengo asteazkenean, jarriko dituzte salgai www.bertsosarrerak.eus atarian. Bertsozale Elkarteko bazkideek finaleko sarrera erreserbatuta izango dute hilaren 17tik 24ra bitartean, eta aurrez agortzen ez badira, sarrerak egunean bertan txarteldegian eskuratzeko aukera izango dute.

Finalerako autobus zerbitzua eta bazkari zerbitzua ere eskainiko dituzte, baina aurrerago emango dute horren berri.

Hiru faseko txapelketa

Txapelketak hiru aldi izango dituela azaldu dute: lehenengo fasea irailean hasi eta urrian amaituko da, zazpi saio izango dira guztira, eta 42 bertsolarik kantatuko dute, denak herrialdeetako txapelketetatik sailkatuak. Sei bertsolariz osatutako zazpi talde egingo dituzte, eta saio bakarrera lehiatuko dira. Talde bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da hurrengo fasera; puntu gehien batzen dituztenekin osatuko da finalaurrekoetara igaroko den taldea.

Bigarren fasea finalaurrekoak izango dira, eta 24 bertsolari ariko dira kantuan: izena eman duten 2022ko zazpi finalista eta lehenengo fasetik sailkatu diren hamazazpi bertsolariak. Bi itzulitara egingo dituzte, lehenengo itzulian lau saio izango dira, eta bigarrenean, hiru. Bi saioetako puntuazioak gehitu egingo dira, eta hemezortzi bertsolarik egingo dute aurrera.

Azkenik, finalean, zortzi bertsolari ariko dira kantuan, 2022ko txapelduna eta finalaurrekoetatik puntuazioz sailkatuko diren zazpiak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide