Jubilatuentzat Xoxotera igoera antolatu dute uztailaren 11rako

Iraia Oteiza 2026ko ekainaren 10a

Jubilatuak Xoxoten, duela bi urte egin zuten irteeran. (Azpeitiko Udala)

10:00etan herriko plazatik abiatuta, Xoxotera igoko dira parte hartzaileak autoetan. Behin goian, hamaiketa eta meza izango dituzte, baita dantzarako aukera ere. Izen ematea irekita dago jada.

Baigera jubilatuen elkarteak eta Azpeitiko Udalak elkarlanean, Xoxotera irteera antolatu dute uztailaren 11rako. 10:00etan abiatuko dira herriko plazatik, eta autoetan igotzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Hori horrela, 9:45erako plazan egoteko eskatu dute, jende ugari elkartuz gero, autoetarako banaketak lehenbailehen egiteko. 

Behin goian, hamaiketakoa egingo dute Xoxoteko aterpetxean, eta 11:30ean, meza izango da. Halaber, musikarekin girotuko dute egonaldia, eta dantzarako aukera ere izango dute parte hartzaileek. 

Irteeran parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute Baigeraren bulegoan, 2 euroren trukean. Uztailaren 8a izango da horretarako azken eguna.

Antolatzaileek jakinarazi dute, halaber, irteerarako gidari boluntarioak falta direla, orain arte irteeran parte hartu izan dutenetako batzuk ezingo dutelako autoa gidatu, adinean aurrera doazelako. Gidatzeko interesa duenak 619 36 95 71 telefonora deitu dezake, edota Baigeraren bulegotik pasa. 

Uztailaren 11n eguraldi txarra egingo balu, hilaren 18ra atzeratuko lukete irteera. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide