Eduki babestua

Bertan elkarteak 'Soldatakaie' kanpaina berria abiatu du tokiko merkataritza sustatzeko

Erredakzioa 2026ko ekainaren 17a

Mailu Artetxe, Cristina Odriozola eta Oihana Odriozola.

Kanpainak 1.800 euroko erosketa bonu baten zozketa du ardatz, eta irabazleak sei hilabetez jasoko du hileko 300 euroko saria Bertaneko establezimenduetan erabiltzeko.

Azpeitiko Bertan merkatari elkarteak tokiko merkataritza sustatzeko helburuarekin kanpaina berri bat jarri du martxan ekainaren 15etik 28ra bitartean. “Soldatakaie” izeneko ekimen honen bidez, herriko establezimenduetan erostea saritu eta, aldi berean, kontsumo-ohiturak bertako dendetara bideratzea da helburu nagusia. Ekimenaren aurkezpenean, Odriozola farmaziako Cristina Odriozolak azpimarratu du kanpainak herritarren artean harrera ona izango duela: "Tokiko merkataritza sustatzeko kanpaina berria azpeitiarrentzat oso erakargarria izango delakoan gaude, eta jendea herriko dendetan erostera animatzeko bide egokia izango da".

Kanpainaren baitan, ekainaren 15etik 28ra bitartean Azpeitiko dendetan erosketak egiten dituzten bezeroen artean 1.800 euroko erosketa bonu baten zozketa egingo da. Saria irabazten duen pertsonak sei hilabetez jarraian 300 euroko bonua jasoko du hilero, guztira 1.800 euro, eta kopuru hori Bertan elkarteko establezimenduetan soilik erabili ahalko du. Antolatzaileen arabera, sariaren erabilerak helburu argia du: tokiko negozioen jarduera indartzea eta kontsumoa herrian bertan mantentzea. Horren harira, Ohana Barefoot-eko Oihana Odriozolak gogorarazi du baldintzak argiak direla: "Hori bai, 300 euroak hilean bertan gastatu beharko dira. Kopuru osoa hilean bertan ez gastatuz gero, galdutzat emango da gastatzeko falta den kopurua".

Ekimenak irauten duen bitartean, bezeroek txartel bana jasoko dute Bertaneko saltokietan egiten duten erosketa bakoitzeko. Txartela datu pertsonalekin beteta entregatu beharko da, eta horrela herritarrek zozketan parte hartzeko aukera izango dute. Kanpaina amaitutakoan, jasotako parte-hartze guztien artean zozketa egingo da, eta irabazleari sariaren berri emango zaio modu ofizialean.

Aurtengo ediziorako, gainera, kanpainaren zabalkunderako estrategia berria erabiliko du Bertan merkatari elkarteak: ohiko kartelen ordez, parte hartzen duten establezimenduen erakusleihoetan ikusgai jarriko diren banderolak izango dira saltokia egitasmoko parte dela adieraziko duen erreminta. Babesa dendako Mailu Artetxeren arabera, ekimen honek “bezeroen interesa piztu eta tokiko merkataritzaren dinamizazioan laguntzea du xede, eta aldi berean, herriko saltokien arteko elkarlana indartzea ere bilatzen du”.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide