Nondik datorkizu herri kiroletarako zaletasuna?
Batez ere, familiatik. Beti entzun izan dut nire aitona eta haren anaia harri jasotzen ibiliak zirela, baita nire osaba ere. Kontu horiek entzunda piztu zait harri jasotzerako zaletasuna. Herri kirolak, oro har, betitik gustatu izan zaizkit, euskaldunon kulturari lotuta baitaude.
Gauza bat da entzutea eta bestea egitea. Noiz hasi zinen harriarekin trebatzen?
2025eko irailean egin nuen aurreneko erakustaldia, eta horren aurretik hasi nintzen lehen altxaldiak egiten. Gure familian badago herri kirolen tradizioa, eta gurasoei esan nien harria jasotzen hasi nahi nuela. Osabak –Martin Mendizabal– harreman estua du mundu horrekin, eta haren bitartez hasi nintzen Joseba Ostolazaren eskolan entrenatzen. Hasieran astean behin joaten nintzen entrenatzera; orain, astean bitan.
Nola hartu dute berria zure ingurukoek?
Amari eta amamari ez zaie askorik gustatu; izan ere, haiek aita eta anaia edo senarra eta semea izan zituzten harri jasotzaileak, eta kirol hau astakeria bat dela diote. Hala ere, ulertu dute. Osabari, bera kirol horretan aritua izanik, ilusioa egin zion, eta asko poztu zen. Erabakiaren berri eman nuenean, Mendizabal jatetxeko batek esan zidan aitona bizirik balego poz handia hartuko zukeela ni harria jasotzen ikusita. Horrek poztu ninduen. Lagunek, berriz, harriduraz hartu zuten, baina etortzen dira erakustaldietara, eta jarraitzera animatzen naute.
Nolako garapena izan duzu orain arte?
Garrantzitsua da hasieratik harria jasotzeko teknika ondo ikastea. Behin teknika ikasita, gero eta hobeto moldatzen zara edozein harrirekin. Osabak berehala bideratu ninduen Ostolaza harri eskolara, Aiara, eta han ari naiz trebatzen. Asko lagundu didate hasieratik. Erakustaldiei dagokienez, sei saio inguru egin ditut, besteak beste, Azpeitian, Orion, Azkoitian eta Nafarroako herri batean. Denborarekin ikusi dut pixkanaka hobeto moldatzen naizela, eta horrek jarraitzeko motibazioa eta segurtasuna eman dizkit.
Lehiatzea buruan al daukazu?
Oraingoz, nire helburua da ahalik eta denbora onenak lortzea, teknikan trebatzea eta nire aurretik daudenengana ahal beste gerturatzea. Dena den, ez dut lehiarako aukera baztertzen. Udan, Lau Arroa txapelketan parte hartzeko asmoa dut, nola moldatzen naizen ikusteko.
Neska ugari hasi da herri kiroletan. Horrek eragina al du belaunaldi gazteagoetan?
Bai, asko. Kirol honetan neskek egin duten lekua eta lortu duten ikusgarritasuna nabarmentzekoa iruditzen zait, batez ere jendeak jakin dezan emakumeak ere gai garela eta bagarela harri jasotzearen parte. Azpeitian, esaterako, Olaia Esnaola dut ondoan. Hura ere Mendizabal tabernaren bueltan ibiltzen da, eta ezaguna nuen. Horrek laguntzen du, eta nolabait, elkarri laguntzen diogu. Hala ere, garrantzitsua da nabarmentzea neskek eta mutilek elkarrekin entrenatzen dugula, eta guztiok laguntzen dugula elkar. Zentzu horretan, ez dago inolako bereizketarik.
Zer da harri jasotzeaz gehien atsegin duzuna eta zer gutxien?
Kirolaren bueltan sortzen den giroa gustatzen zait gehien. Bakarkako kirola den arren, badago lagunartea, eta hor daude harria jartzen duen kidea, denbora hartzen duena... Entrenamenduetan eta saioetan izaten den giroa nabarmenduko nuke. Gutxien, aldiz, plazara ateratzean sentitzen den presioa gustatzen zait. Oraindik zaila egiten zait erakustaldietara ateratzea, baina tira, denbora kontua izango da.