Udan ere, euskara ikasteko eta hizkuntza maila hobetzeko ikastaroak eskainiko ditu Azpeitiko Udal Euskaltegiak. Aurrez aurre nahiz autoikaskuntza ikastaroak emango ditu, hau da: A1, B2 eta C1 mailetako ikastaroak aurrez aurre eskainiko ditu eta B2 eta C1 autoikaskuntza saioekin. Udako ikastaroetan parte hartzen dutenek ere udalaren asistentzia beka jasotzeko aukera izango dute.
Euskara ikastaroetarako izena Azpeitiko Udal Euskaltegian eman beharko da ekainaren 17rako. Izena emateko euskaltegira bertara joan beharko da (Perez Arregi plaza, 1; Enparan kaletik dago sarrera) edota telefonoz deitu 943-81 19 47 zenbakira.
Honakoak dira udan euskaltegian eskainiko dituzten ikastaroak:
- A1. Aurrez aurre. Ekainaren 22tik uztailaren 24ra eta irailaren 1etik 23ra.
- B2 eta C1. Aurrez aurre. Ekainaren 22tik uztailaren 24ra.
- B2 eta C1. Autoikaskuntza. Ekainaren 29tik uztailaren 17ra eta irailaren 1etik 25era.
Beka eskatzeko epeak
Bestalde, urritik ekainera arteko euskara ikastaroetan parte hartu dutenek ekainaren 22tik aurrera eskatu ahal izango dituzte Azpeitiko Udalaren asistentzia bekak. Azpeitian erroldatuta dauden herritarrek jaso dezakete beka, bai Azpeitiko Udal Euskaltegiko ikasle izandakoek, baita Azpeititik kanpoko euskaltegiren batean ikasi dutenek ere.
Bi txanda egongo dira beka eskaera egiteko: ekainaren 22tik uztailaren 17ra artekoa da bata, eta azaroaren 16tik abenduaren 17ra bitartekoa bestea. Udako euskara ikastaroak egiten dituztenek ere edukiko dute beka eskatzeko aukera.