Bielek Gipuzkoa Quantum programarekin garatutako "sistema aitzindaria" ezagutu dute Mendozak eta Anduezak

Mailo Oiarzabal 2026ko ekainaren 12a

Bieleko arduradunak Anduezari eta Mendozari azalpenak ematen. (GFA)

AA eta teknologia kuantikoa erabilita industria ikuskaritzarako sortu duten tresna erakutsi diete enpresaren ordezkariek foru arduradunei. Sistema hori garatzeko 70.261 euroko laguntza jaso du Biele Groupek aldundiaren Gipuzkoa Quantum programaren bidez.

Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Unai Andueza Ekonomia Sustapenaren eta Proiektu Estrategikoen diputatua Bieleren egoitzan izan dira, Urrestillako Larrañaga industrialdean kokatutako enpresan adimen artifizialean (AA) eta teknologia kuantikoan oinarrituta sortu duten industria ikuskaritzarako "sistema aitzindaria" ezagutzeko. Izan ere, aldundiaren Gipuzkoa Quantum programaren 70.261 euroko laguntza jaso du Biele Groupek sistema hori garatzeko.

Txomin Andonegi Biele Group-eko zuzendariarekin, Agosti Aranburu teknologia zuzendariarekin, Naiara Aldazabal giza baliabideen zuzendariarekin eta Olatz Galarza Biele Digitaleko zuzendari nagusiarekin batera aztertu dute foru aldundiko ordezkariek makina-erremintako enpresan garatzen ari diren proiektua, Bieleren berrikuntza estrategiarekin eta aurrean dituen gainerako erronkekin batera.

Baina Bielek Gipuzkoa Quantum programaren laguntzarekin martxan jarritako proiektuaren jarraipena egitea izan da aldundiko eta enpresako ordezkariek egin duten topaketaren ardatza. "Adimen artifizial optimizatuan oinarritutako ikuskapen bisualeko sistema aurreratu bat garatzeko, ekoizpen lerro automatizatuetan eraginkortasunez integratzeko eta fabrikatutako piezetan akatsak denbora errealean eta zehatz detektatzen direla bermatzeko gai" izango dira Bielen garatzen ari diren industria ikuskaritzarako sistema berriarekin. Aldundiak zabaldutako oharraren arabera, "ikuspen artifizialeko ereduak ulertzera eta optimizatzera" bideratutako kuantikan inspiratutako teknikak erabili ditu enpresak horretarako, eta "hurbilketa berritzaile" horrek aukera emango du "baliabide konputazional mugatuak dituzten industria inguruneetan algoritmo aurreratuak hedatzeko".

"Garrantzi estrategikoa"

Foru erakundearen aburuz, Bielen garatzen ari diren bezalako teknologien aplikazio praktikoak "industria kalitatearen automatizazioari, digitalizazioari eta kontrolari lotutako funtsezko prozesuak indartzen" lagunduko du, enpresa beraren "garapen teknologikoa" bultzatu, eta Gipuzkoako industria produkzio sistema "adimendunago, efizienteago eta erresilienteagoetara eraldatzea" ahalbidetuko du.

Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Biele Groupeko ordezkariak, Bielen. (GFA)

Horrelako ekimenen "garrantzi estrategikoa azpimarratu" du Mendozak: "Bielekoak eta antzeko proiektuek erakusten dute berrikuntza aurreratua funtsezko tresna bihur daitekeela gure enpresen lehiakortasuna indartzeko eta merkatu oso zorrotzetan aukera berriak irekitzeko". Teknologia kuantikoa "askotan" sortzen ari diren sektore berriekin edo "espezializazio handiko eremuekin" lotu arren, diputatu nagusiaren ustez "Gipuzkoarentzat funtsezkoa" da teknologia horiek "lehendik dagoen industria sarean ere integratzea, bereziki ETEetan, gure ekonomiaren motor nagusia izaten jarraitzen baitute". Gipuzkoa "lurralde industriala" dela gogora ekarri du Mendozak, eta "gero eta ziurgabetasun handiagoko testuinguruan", aldundiarentzat lurraldeko "enpresen lehiakortasuna defendatzea eta babestea erabateko lehentasuna" dela berretsi du.

Teknologia kuantikoa enpresen eskura

Gipuzkoa Quantum-i dagokionez, sortzen ari diren tresna eta baliabide teknologiko berriak enpresei beren jardueran txertatzen laguntzea da programaren helburua. Aldundiarentzat, "horrelako ekimenetan Biele Group bezalako enpresak sartzeak Gipuzkoako industria sareak joera teknologikoei aurrea hartzeko, ezagutza aurreratua integratzeko eta berrikuntza lehiatzeko abantaila iraunkor bihurtzeko duen gaitasuna islatzen du".

Andonegik ere goraipatu du Gipuzkoa Quantum programa. Bieleren zuzendari nagusiak nabarmendu du beraien enpresaren plan estrategikoen oinarrietan "beti" jarri dutela lehen lerroan "irtenbide industrial berritzaileen garapena", eta teknologia kuantikoaren ezarpena eta horretarako laguntzak ardatz horretan kokatu ditu: "Gaur egun, lehentasunezko prozesua da teknologia kuantikoa txertatzea ikuskapen bisualeko ekipo eta sistemetarako adimen artifizialeko sistemen garapenaren oinarri gisa. Horretarako, Gipuzkoa Quantum programaren bidez Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza eta aholkularitza izatea funtsezko faktorea da proiektuan planteatutako helburuak lortzeko".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide