Sakatu!-k irabazi du Euskal Herriko V. Elektrotxaranga Lehiaketa

Mailo Oiarzabal 2026ko ekainaren 12a

Sakatu! elektrotxarangakoak Erdikalean, maiatzaren 23an egin zuten emanaldian. (Nerea Uranga)

Bizkaiko taldeak jasoko ditu lehen sariaren 5.000 euroak, eta datozen saninazioetan berriro Azpeitian jotzeko aukera izango dute. Elektrotxuflarentzat eta 3indarrok-entzat izan dira, hurrenez hurren, aurten lehen aldiz banatu dituzten bigarren eta hirugarren sariak.

Lehen aldiz parte hartu, eta irabazi. Txorierriko (Bizkaia) Sakatu! izan da Azpeitiko Udalak eta AZTEk (Alde Zaharreko Tabernarien Elkartea) bosgarrenez antolatutako Euskal Herriko Elektrotxaranga Lehiaketaren irabazlea. Maiatzeko lau zapatutan egin egin zuten lehiaketa, eta aurtengoaren hirugarren jardunaldian aritu ziren Sakatu!-koak Azpeitian, maiatzaren 23an, Patxangoirekin batera.

Talde irabazleari dagozkion 5.000 euroak eta datozen saninazioetan berriro Azpeitian jotzeko aukera irabazi ditu, horrenbestez, Sakatu! elektrotxarangak. Baina aurten, lehen aldiz, bigarren eta hirugarren sariak ere banatu dituzte antolatzaileek: lehiaketa birritan irabazitako Elektrotxuflak jasoko ditu bigarren sariaren 2.000 euroak; eta iazko irabazleak, 3indarrok-ek, hirugarren sariaren mila euroak.

Aurten lehiatu diren taldeen maila “aparta” izan dela azpimarratu dute antolatzaileek, eta "musikaltasuna, sonoritatea, interakzioa, martxan jotako musika, abestien aniztasuna, euskara, parekidetasuna eta beste irizpide batzuk kontuan hartuta" erabaki du epaimahaiak sarien banaketa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide