Ertzetako eta isildutako ahotsak, oholtzara eta pantailara

Mailo Oiarzabal 2026ko ekainaren 13a

Sanagustinen LGTBIQ+ kolektiboko herritarren ahotsak jasotzen dituen Isiltasunaren oihartzunak dokumentala aurkeztu ondoren, mokadu baten bueltan eta DJek jarritako musikarekin borobildu zuten ekitaldia Sanagustinpean.

Ertzetako ahotsak oholtzara ekitaldia egin zuten atzo arratsean, Azpeitiko Udala Eihera kooperatibarekin eta herriko LGTBIQ+ kolektiboarekin duela bi urtetik gauzatzen ari den prozesuaren emaitzetako bat aurkezteko. Maiatzaren 17ko LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Egunaren bueltan egitekoak ziren eta atzeratu beharra izan zuten ekitaldia da atzo gauzatu zutena.

Sanagustin kulturgunearen eta Sanagustinpearen artean banatu zuten hitzordua. Lehendabizi, kulturgunean, Eihera kooperatibak Azpeitiko eta gertuko LGTBIQ+ kolektiboko kideei eta beren bizipenei ahotsa emanez osatu duen Isiltasunaren oihartzunak dokumentala aurkeztu zuten Eiherako Iñi Etxezarretak eta Nagore Alkorta alkateak. Sanagustinen elkartutako ikus-entzuleen txalo artean amaitu zuten dokumentalaren estreinaldiko proiekzioa. Etxezarretak ondoren gogora ekarri zuenez, ikus-entzunezko hori herriko ikastetxeetan unitate didaktiko gisa lantzea da asmoa.

Sanagustinetik Sanagustinpera, barrutik kalera irtenda, festa giroan borobildu zuten Ertzetako ahotsak oholtzara ekitaldia. Izan ere, Sanagustinpean zain zituzten mokadua eta musika, Emakumeen Txokoko DJ tailerrean aritu direnen eskutik.

Bandera biribilguneetan

LGTBIQ+ kolektiboaren Harrotasunaren Nazioarteko Eguna izango da ekainaren 28an. Data horren bueltako ekintza gisa, Azpeitiko Udalak kolektibo horren bandera jarri du aste honetan Sanjuandegiko eta Loiolako Inazioren hiribideko biribilguneetan.

Ekainaren amaiera arte edukiko dituzte bandera horiek ikusgai biribilguneotako mastetan, erakundeak jakinarazi duenez.

 

(Argazkiak: Mailo Oiarzabal eta Azpeitiko Udala)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide